Pre-Zinebi ekimena datorren ostiralean hasiko da Bilboko Zinebi jaialdirako giroa aurretiaz prestatzen. Zinemaldi honetako antolatzaileek hainbat elkarte eta erakunderen laguntza izan dute girotze ekimen honetan, besteak beste FAS zinekluba eta Euskal Gidoilarien Elkartea. Pre-Zinebiren lehen ekimena Another Silence filmaren pantailaratzea izango da, eta antolatzaileek eginkizun honetan. Hain zuzen ere elkarte honek gonbidatu baitu filmaren zuzendari eta gidoilaria den Santiago Amingorena. Beronek pantailarako istorioak sortzeko egiten duen lana deskribatuko du.

Programak iragartzen duen hurrengo ekimena Zinebiexpress lehiaketaren seigarren edizioa da. Nahi duen orori irekita dagoen deialdi honetan film labur bat osatu beharko da 48 ordu baino pixka bat gehiagoan. Hain zuzen ere, egiteko honetarako gaia larunbatean bertan emango dute ezagutzera izen ematea osatzearekin batera. Lanak astelehenean entregatu beharko dira. Aste horretan bertan egingo da sari banaketa ere; zehazkiago, ostegunean.

Hurrengo egunean, berriz, FAS zineklubarekin batera prestaturiko ekimenaren ordua iritsiko da.  Asteartean zineklubaren ohiko emanaldian Bertsolari dokumentala ikusi ahal izango da, lana aurkezteko Asier Altuna zuzendariak eta Gaizka Bourgeaud argazki zuzendariak hartuko dute parte.

Ostiralean bukatuko da Pre-Zinebi Caostika elkarteak Rock Star aretoan egingo duen Guateke Ninja ekimenarekin.