Euria eta hotza iristeak ez du zertan mendiak gozatzea ekarri. Hain zuzen ere, atari zabaleko jarduera horren lilurak denen eskura jartzeaz arduratuko baita Bilboko Mendifilm 2013, seigarren urte jarraian. Horretarako pantailaratzeko 40 lan aukeratu dituzte. Hori baino lehen, ordea, aurrerapen txikia izango da Gasteizen (Araba) egingo diren Literatura, zinema eta mendiari buruzko IV. Jardunaldien barruan.

Abenduaren 13tik 22ra egingo dituzte Bilboko Mendi Film Festivaleko pantailaratzeak. Aurtengo jaialdia seigarrena izango da, eta bere garrantziaren erakusle dira bertan parte hartzeko izena eman duten 100etik gora lanak. Horien artean antolatzaileek 40 aukeratu dituzte, guztira 27 herrialdetako zuzendarien lanak izango direla Bizkaiko hiriburuan.

Egitaraua oraindik ere plazaratu ez duten arren, arduradunek jakinarazi dutenez, aurten ere filmen emateaz gain, kale ekimenak, solasaldiak, erakusketak eta mendizale ospetsu zein zinemagile ezagunen bisitak izango dira abenduan.

Era berean, eta berotze ariketa gisa, datorren asteartean hasiko dira Gasteizen Bilboko Mendi FIlm Festivalaren inguruan antolatzen diren Literatura, zinema eta mendiari buruzko jardunaldiak. Hiru egunetan hiru jarduera horiek batzen saiatuko dira Letren Fakultatean gauzatuko diren hamaika ekitaldietan.