
filma da Irizar saria eskuratzen saiatuko direnetako bat.
Zinemaldia jarraitu dutenak saridunak zeintzuk izan diren jakiteko zain daude. Asko dira filmak nabarmentzeko Donostiako jaialdiak dituen izendapenak. Hala ere, bakarra da euskal zinemaren aleen artean bat aukeratzen duena, hain zuzen ere, Euskal Zinemari Emandako Irizar saria da berau.
Golardoa eskuratzeko hainbat baldintza bete behar ditu lan batek. Horien artean estreinatu gabea izatea, eta euskal produkziotzat joa izatea. Horretarako finantzazioaren tarte bat zein lantaldeko hainbat kide Euskal Herrikoak izatea. Zinemaldian egon diren euskal filmen artean zortzi izan dira baldintza guztiak betetzen zituztenak. Mireia Gabilondoren Amaren eskuak, Amaia zein Aitor Merinoren Asier ETA biok, Alfonso Andres eta Javier Barajasen Esbastika Bidasoan, Fernando Francoren La herida, Enara Goikoetxaren eta Monika Zumetaren Izenik gabe, 200×133, Fran Araujoren El rayo eta Luis Berdejoren Violet aritu dira Irizar saria eskuratzeko lehian.
Zinea.eu-k berriz denak ikusi ditu eta hauxe da bakoitzaren inguru egin duen hausnarketa laburra.
Mireia Gabilondoren Amaren eskuak. Aurtengo euskarazko fikzioan Zinemaldiko estreinaldi bakarra da lan hau; eta hizkuntza honetan egiten diren lanen tamaina dauka. Txikia, baina ikusteko atsegina. Zerbait nabarmentzekotan aktoreen lana nabarmenduko dugu. Oso ondo dago Ainara Gurrutxaga film luzeen mundura egindako lehen sarrera honetan. Jaialdian izan dituen emanaldietan sarrerak agortu ditu publikoak; berdin gertatu ahal da areto komertzialetara iristean.
Amaia Merino eta Aitor Merino anai-arrebaren Asier ETA biok lanak gauza bera lortu du; hau da, publikoaren arreta bereganatu du eta asko dira areto komertzialetara noiz iritsiko zain daudenak. Espainiako prentsaren ziztada jaso du filmak, baina ez bere zinema balioengatik baizik eta jorraturiko gaia dela eta. Emanaldiaren bukaeran jasotako txalo zaparradak ez zuen iradokitzen giroan hautsik zegoenik. Edukia eta forma bereiztea zaila den arren, formari begira zintzoa dela esan daiteke. Baliabide gutxirekin egindako film txikia eta benetakotasuna dario, eta dokumentala denaren arduraduna aktorea dela igartzen da; bere presentziak eta eginkizunak ematen dizkiolako filmari zinema kutsu eta freskotasuna.
Alfonso Andres eta Javier Barajasen Esbastika Bidasoan mugan dago, eta ez Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoa bereizten dituen ibai mugan; baizik eta zinema dokumental eta telebista erreportajeen artekoa. Gaiak berak, naziek euskal herriarekiko II Mundu Gerran izan zuten jakin mina. Film honen gaiak ere zeresana eman dio Espainiako prentsari, baina oraingo honetan ere ikusi dutenek besterik nabarmentzen dute. Errealizazio zuzenak, ordea, zinema kutsu handixeagoa luke faltan.
Fernando Francoren La herida Koldo Zuazua ekoizelaren presentziak egiten du Euskal Herriko, eta baita errodatzearen tarte batzuk Donostian egin izanak ere. Zuzendariak egindako hautuek, ordea, zail egiten dute hori nabarmentzea. Filma grisa da, eta istoriorik apenas kontatzen du. Protagonista nagusiak bizi duen egoeraren deskribatzea egiten du, baina ez da aldaketa handirik igartzen, beraz, narratiba gutxi. Aktoreen lana ona izanik ere, ezin pelikula gehiegi nabarmendu.
Enara Goikoetxaren eta Monika Zumetaren Izenik gabe, ordea, kontraste nabarmena egiten du aurrekoarekin. Zumeta margolariaren lan egiteko era kontatzen duen lan dokumentala da. Pinturaz arituta ere, oso lan dinamiko eta atsegina egin dute zuzendariek, eta muntatze zein gidoi soilekin lan ikusgarri zein inguratzaile lortu dute. Koadro baten biratzeak berak zein tentsio une indartsu eta erakargarri sor dezakeen erakusten du, berriro ere, maiz ez dela baliabide ekonomikoen presentzia, baizik eta irudimena pelikulak aurrera ateratzeko gakoa.
Fran Araujoren El rayo film txiki zein entretenigarria. Lau samarra gerta daiteke uneren batean eta, aukeran, David Linch-en A Straight Story izan ditzakeen zeharkako antzekotasunek pixka bat apaltzen dute. Hala eta guztiz ere, Marokora traktore batekin itzuli nahi duen etorkinaren historia demasako dramatismorik gabe kontatzea eskertzekoa da. Errealismo fantastikotik ihesi esan genezake errealismo sinpatikoaren barruan sartzen dela. Produktoreak dira kasu honetan ere euskal izendapena ematen diotena.
Azkenik, Zinemaldian azkena aurkeztu zen euskal filma: Luis Berdejo donostiarraren Violet. Errazago koka daiteke film hau errealismo fantastikoaren barruan. Argazki batean bakarrik ikusitako neska baten bila abiatu den mutilaren istorioak, amodioaren bila dabilen pertsonarena kontatzeko balio du. Tonu atsegina eta drama handirik gabea ondo lotutako gidoia eta, berriro ere, irudimenak baliabide eskasia gainditzeko duen balioa nabarmentzen du.