Ezagunak ziren aurtengo Kimuak katalogoa osatuko duten lanen izenak; hala ere, gaur bertan aurkeztu dute bilduma (Gipuzkoa) Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan. Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura sailak bultzatutako programaren aurtengo edizioan zazpi film aurkeztu dituzte. Baina horren arduraduna den Txema Muñozek esandakoaren arabera, “epaimahaiak zortzi aukeratu izan balitu, zortzi izango ziren”.
Aritz Morenoren Colera, Lander Camareroren A Political Story, Borja Kobeagaren Democracia, Izenbene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety, Raul de la Fuenteren Minerita, Aitor Iturriza eta Bernat Gual-en Una hora, un paso eta Asier Altunaren Zela Trovke dira aurtengo Kimuak katalogoan txertatu dituzten lanak, eta larunbatean egingo dute sortaren aurkezpen ofiziala. Muñozek azaldu duenez, zinema pase itxia izango da “Kimuak-ek lanak bidaltzen dituen jaialdi askotan ez baitituzte onartzen estreinaldi edo pase irekietan erakutsi diren filmak”.
Katalogoaren prentsa aurreko aurkezpena ez ezik, programak iaz izandako emaitzak aurreratu nahi izan ditu Muñozek. Hala, arduradunak esandakoaren arabera, Kimuak 2011k 658 aukeraketa eta 133 sari eskuratu zituen. Era berean, 2012ko edizioko lanek bere ibilbidea ez dutela bukatu ekarri du gogora, baina, hala ere, oso datu onak eman ditu. Izan ere, 684 hautatzetan 126 sari jaso baitituzte.
Kimuak programa film laburrak sustatzeko Jaurlaritzaren Kultura sailaren ekimena da, eta azken urteetan hamaika dira honen babesa jaso duten lanak. Bilduma honetan sartzean egilek lortzen dutena zera da, egindako lana hamaika festibaletan parte hatzeko behar diren izapideak programaren arduradunek egitea. Urteetan egindako lanaren ondorioz, sorta bera izen eta ospe ona izatera iritsi da. Honenbestez, Kimuak-en barruan egotea zabaltzearen bermera ekarri du.