img_17451 (800x533)Donostiako (Gipuzkoa) Zinemaldiak jarraitzen du 61. edizioaren inguruko informazioa aletzen. Oraingo honetan Sail Ofizialean ikusi ahal izango diren sei lanen izenak jakitera eman dituzte, prentsa ohar baten bidez. Hain zuzen ere. François Dupeyron, Fernando Eimbcke, Roger Michell, Mariana Rondón, Bertrand Tavernier eta Jonathan Teplitzky dira iragarri diren lanen zuzendariak.

Jakinarazpen honekin Euskal Herriko zinema jaialdirik handienaren antolatzaileak argitzen hasi dira lehiaketan parte hartuko dutenen zerrenda. Sei filmen izenak eman dituzte jakitera: Fernando Eimbckeren Club Sandwich, Francois Dupeyron-en Mon Ame Par Toi Guerie, Mariana Rondon-en Pelo Malo, Bertrand Tavernier-en Quai D’Orsay, Jonathan Teplitzky-ren The Railway Man, eta Roger Michell-en Le Week-End.

Ondoren Zinemaldiaren arduradunek emandako filmen inguruko informazioa:

 

 

Club Sándwich

Fernando Eimbcke (Mexiko)

Fernando Eimbcke mexikarrak hirugarren filma estreinatuko du Donostian. Palomak eta bere hamabost urteko seme Héctorrek oso harreman handia eta berezia dute. Kostaldean oporretan daudela, Héctorrek Jazmín nerabea ezagutuko du, eta maitasunaren eta sexuaren lehen izpiak biziko ditu. Palomak gertu eduki nahi du Héctor, eta gaizki pasatuko du; izan ere, onartu beharko du semea hazten ari dela, ez dela gehiago seme bera, eta lagun mina izateari utziko diola.

Mon âme par toi guérie

François Dupeyron (Frantzia)

C’est quoi la vie? filmarekin Urrezko Maskorra irabazi eta hamalau urte igaro ondoren, François Dupeyron berriro itzuliko da Donostiara. Frédi, filmeko protagonista, ohartuko da ama zenak sendatzeko boterea transmititu diola. Hasieran, erabat errefusatuko du, zoritxarrekoa baita; baina, istripu batek dena aldatuko du. Ezinbestean onartu beharko du bere eskuek sendatzeko gaitasuna daukatela.

Pelo Malo

Mariana Rondón (Venezuela)

Mariana Rondón zinemagile eta artista plastikoaren hirugarren filmaren protagonista Junior da, «ile aldrebesa» duena 9 urteko mutikoa. Eskolako argazkia ateratzeko, ilea lisatu nahi du, baina bere ama Martak, 30 urteko alargunak, ezezkoa emango dio. Aitaren aldeko amonak Juniorrekin behin betiko gelditzeko proposatuko dio Martari. Bost axola emagizona den ala ez; zahartzen denean zain dezala nahi du, besterik ez. Martak ezezkoa emango dio, eta semea «berriro hezten» hasiko da. Juniorrek bere amarekin bizi nahi du, eta amak bera maitatzea.

Quai d’Orsay

Bertrand Tavernier (Frantzia)

Bertrand Tavernier Frantziako zinema garaikideko maisu handienetako bat da, eta film berrian Lanzac & Blain komikigileen izen bereko obra egokitu du. Satira politiko bat da, eta Frantziako Atzerri Arazoetako ministro Alexandre Taillard de Vorms du protagonista; hain zuzen ere, boteretsuekin tratatzeko, kargudun garrantzitsuei bakea ekartzeko, tiroak aise botatzen dituztenak lasaitzeko eta Bakearen Nobel Sarirako hautagaitza indartzeko beti prest dagoen gizona. Aktore bikainek hartu dute parte filmean, besteak beste: Thierry Lhermitte, Raphaël Personnaz, Niels Arestrup, Anaïs Demoustier, Julie Gayet, Joséphine de La Baume eta Jane Birkin.

The Railway Man

Jonathan Teplitzky (Erresuma Batua-Australia)

Film honek Colin Firth, Nicole Kidman, Jeremy Irvine eta Stellan Skarsgård ditu protagonista, eta egiazko istorio batean dago oinarrituta; txiki txikitatik trenekin liluratuta zegoen Eric Lomax ofizial britainiarraren bizitzan, hain zuzen. II. Mundu Gerran zehar japoniarrek harrapatu egin zuten, eta lan-esparru batera bidali zuten, Birmania eta Tailandia artean kokaturiko trenbide batean. Han, berak eta bere kideek baldintza oso gogorretan bizi behar izan zuten, eta beren atzemaileen torturak jasan. Hainbat hamarkada geroago, Lomax Ingalaterra iparraldera joango da bizitzera emazte Patriziarekin. Han, erretiratuta dagoela, trenegatik duen pasioan murgilduta, bere sufrimenduaren errudun izandako soldadu japoniarrak bizirik jarraitzen duela jakingo du…

Le Week-end

Roger Michell (Erresuma Batua)

Roger Michellen (Notting Hill, Eduring Love) film berriak Nick eta Meg ditu protagonista. Britainia Handiko bi irakasle Parisera bueltatuko dira, eztei-bidaia egin eta handik urte askora, beren arteko harremana biziberritzeko. Megek uste du bizitza hobea merezi duela; baina, bere senar Nick ondoan izan ezean, ez da seguru eta babestuta sentitzen. Jim Broadbent, Lindsay Duncan eta Jeff Goldblum dira protagonistak.