Espien zinema izena jarri diote uztailaren 12tik 19ra EHUren Leioako (Bizkaia) campusean egingo duten zinema kurtsoari. Zuzendaritza ikastaro teoriko zein teknikoa izango da Arte Ederretako fakultateko irakasle Patxi Urkijok gidatuko duena. Fikzioa ez ezik, erreportajearen formatua ere jorratuko dute.
Besteak beste Borja Kobeaga, Gorka Vazquez zein Patxi Urkijo bera izango dira sei eguneko ikastaro honetan hizlari eta praktiken zuzendariak. Bestalde, jorratuko diren gaiak askotarikoak izanik, alderdi teorikoan Fritz Lang, Alfred Hitchock, John Frankenheimer eta Constantin Costa-Gavras bezalako zinemagileen lana aztertuko dute.
Era berean, antolatzaileek diotenez “Bilbo hiria ikasitakoa sendotzeko eta ikasketa-prozedura eta praktika honetarako plato egokia izanik”, alderdi praktikoa jorratzeko aukera ez dute galduko. Bertan parte hartzeko matrikula maiatzaren 6tik uztailaren 5era arte egin ahal izango da. Bestalde, 75 orduko balio lektiboa izan arren unibertsitate ikasleei ez ezik profesionalei, graduondoko ikasleei, irakasleei eta publiko orokorrari ere zabalduriko deialdia da.