Donostiako kaleak plato bilakatuko dituzte asteburuan Trikifollia proiektuaren arduradunek. Donostia 2016-k antolatutako Olatu Talka ekimenean hartuko dute parte dokumentalaren protagonistek, eta kalez-kaleko emanaldi horren hartualdiak izango dira grabaketa prozesuaren abiapuntu. Filmatzeari ekiteaz gainera, lana gauzatu ahal izateko egiten ari diren kanpainaren inguruko informazioa ere emango dute bere arduradunek. Donostiako Musika Eskolak parte hartuko du hiriburuko kaleetara kultura aterako duen ekimenean, eta guztira ehundik gora musikari jardungo direla iragarri dute antolatzaileek. Hori dela eta aukeratu dute proiektuaren egileek larunbata abiapuntu gisa. Izan ere, proiektua ezagutzera emateko aukera paregabea dela uste du lantaldeak. “Horrenbeste musikari bilduta, gure lana interesatuko zaien pertsona ugari aurkitzea espero dugu”, horiek Mikel Goñi produktorearen hitzak.
Dokumental musikala egiteko proiektua da Trikifollia. Trikitixa ikasle “oso helduen” talde baten historia kontatu nahi du lanak. Beraiek guztiak biltzen dituen tresna horren jatorrira egingo duten bidaia izango du ardatz, jotzen duten tresnarekiko daukaten grina, gauzekin liluratzeko adin mugarik ez dagoela erakutsiz. Egitasmoak hogei minutuko dokumentala eta telebistarako bertsio luzeagoa hartzen ditu bere baitan.
Joan den astean hasi zuten proiektua ezagutzera emateko eta dirua biltzeko crowdfunding bidezko kanpaina aurkezteko egitasmoa, eta larunbateko bilkura aprobetxatu nahi dute nahi duenari dokumentalaren nondik norakoak azaltzeko. 12.000 euro lortzea da haien helburua. “Kopuru altua eman dezake, baina hogei bat pertsona Italiaraino eraman eta ekartzea garestia da”, azaltzen du Goñik.
Proiektuan konfiantza osoa dutela, eta itxaropentsu daudela dio Unai Gerra zuzendariak. Badirudi ez direla bakarrak, “Donostia 2016ko arduradunekin hitz egin dugu, eta asko gustatu zaie; horrenbeste non beraien laguntza, eta diru ekarpena agindu baitiguten. Horrez gain babesa ere ematen ari zaizkigu”.
Interesatua dagoen orok, bere ekarpena egin dezake Goteo plataformak horretarako eskainitako tartearen bidez.