Ekainaren 3an irekiko da Donostiako Zinemaldiaren Zinema Ikasleen Nazioarteko XII. Topaketarako izen emateko epea, eta antolatzaileek parte hartzeko deia luzatu diete proiekturen bat eskuartean duten zinema ikasle guztiei. Jardunaldiak 2013ko irailaren 25, 26 eta 27an ospatuko dira, asteazken, ostegun eta ostiralez, 61. Donostiako Zinemaldiaren barruan.
Topaketari esker, zuzendari gazteek beren film laburrak erakusteko aukera izango dute topaketa honetan, bertaratzen diren adituen iritziak jaso eta beraien interesguneak lantzeko egingo diren master class hauetara bertaratzekoa. Ikasleek zine industriaren funtzionamendua gertutik ezagutzeko parada izango dute, eta gainera nabarmendutako lanak publikoaren aurrean nahiz zinemaldiaren gonbidatuei zuzendutako saioetan izango dira ikusgai. Saio horietan ikus-entzunezkoen sektoreko profesional entzutetsuak egongo dira, eta bere lanak aurkezten dituzten ikasleekin hitz egiteko aukerak sortuko dira horrela.
Ekainetik aurrera eman ahal izango da izena, eta zinemaldiaren webgune ofizialean egongo dira eskuragarri formularioa zein parte hartzearekin lotutako beste informazio batzuk. Hautaketara aurkezten den eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkeztu ahal izango ditu, eta eskoletako ikasle berak izango dira epaimahaia osatuko dutenak. Zinemaren alorreko pertsona ospetsu baten laguntza ere izango dute erabakia hartzerako orduan, eta guztien artean erabakiko dute zein izango den Panavision eta Freak Agentziaren sarien irabazlea. Halaber, Cannes-eko zinema jaialdiaren Short Film Corner-en parte hartzeko aukera izango duten hiru zuzendariak ere aukeratuko dituzte gazteek.