Giza Eskubideen Zinemaldiko IX.edizioaren balantzea egin dute ekimenaren arduradunek. Hauen arabera, nabari egin du gora publikoak zinema emanaldiotan. Jaialdiaren harira antolatu diren beste ekintzetan ere, iaz baino jende gehiagok parte hartu du. Zinemaldia apirilaren 19tik 26ra egin dute Donostian (Gipuzkoa), eta Victoria Eugenia Antzokia zein beste zenbait eszenatoki hartu ditu.
Guztira, 15.598 ikusle bertaratu dira aurten zinemaldira. Kopuru horretatik gehiengoa zine-emanaldietan egon den publikoa da; zehazkiago, Victoria Eugenia Antzokiko hemeretzi saioetara, Antzoki Zaharreko sei emanaldietara eta Kultur Etxeetan antolatu diren proiekzioetara joan den jendea. Pelikulek eta dokumentalek ez ezik, erakusketek, mintegiek eta ikastaroek ere osatu dute aurtengo edizioaren egitaraua. 4.431 pertsona izan dira aparteko ekintza hauetan parte hartu dutenak.
Azkenik, irabazleen zerrendaren errepasoa egin nahi izan dute. Gogorarazi dute El metodo Arrieta, Rae eta Forbidden Voices filmak izan direla aurtengo saridunak, hurrenez hurren, zinemaldiaren publikoak, gazte epaimahaiak eta Amnesty Internationaleko kideek hala erabakita.