Donostian (Gipuzkoa) egingo den Surfilm Festibalak badu bere lehen hitzordua. Zinema, musika eta poesia nahastuko dituen festa prestatu dute antolatzaileek maiatzaren 25erako. Urgull mendiko Guardetxean egingo den ekitaldiak “ondo pasatzea” izango du helburu, eta horretarako, gidoietan surfa nagusi duten Z serieko ekoizpenak, poesia soinudun “ikaragarriena” eta musika “gordinena” omenduko ditu. Sarrerak bederatzi euroko prezioa izango du, eta 19:30etan emango zaio hasiera saioari.
Zinemari dagokionez, Karate a muerte en Torremolinos film luzea eta Psycolettes film laburra pantailaratuko dituzte. Espainiako zinema ekoizpen okerrenari Godoy saria jaso zuen lehenengoak 2003an. Poesiak hartuko du ondoren ekitaldia, eta Luis Tejerina eta Unai Azkueren poesia soinudunak entzun ahalko ditu bertaratutako publikoak. Lasaitasuna ekarriko dute Tejerinaren hitzek minutu batzuen bitartez Guardetxera.
The Longboards taldearen zuzeneko kontzertuak itxiko du saioa. Bilboko hirukote honek surf instrumental gordinenaren ordezkaritzat jotzen du bere burua, eta Insane azken diskoa aurkeztuko dute ekitaldian. Azken orduko konfirmazio gisa, Olimpiquettes taldeko Marie Delaure koristaren presentzia ere ziurtatu dute antolatzaileek.