Martxan da, Athletic Club Fundazioaren eskutik, Thinking Football Film Festibala, gai sozialen eta futbolaren inguruko zinema eta dokumentalen jaialdia, alegia. Astelehenean, hilak 29, egin zituzten lehen emanaldiak, eta maiatzaren 4a arte iraungo du. BBK Aretoaren eta Bilboko Udalaren elkarlanari esker, BBK aretoan bertan egiten dira emanaldi guztiak, eta sarrera librea da edukiera bete arte.
Lehenagotik dira ezagunak egitarau nagusia osatzen duten pelikula guztiak, besteak beste, Espainiar, Frantziar, Estatu Batuar edo Argentinar jatorrikoak. Hamalau filmek osatuko dute zinemaldia, jokoaren gainetik, “XXI. Mendearen hastapenean futbolak gizartean duen garrantziaren arrazoi eta pasioetan” oinarrituak, eta pelikulen zuzendari zein protagonista gehienen presentzia ziurtatu dute antolatzaileek. Era berean, egitarau nagusiaz bestelako jarduera multzo baten berri eman dute ere, Thinking Football Zinekluba tartean.
Gaur, maiatzaren 2, saio bikoitza egongo da BBK aretotan. 18:30tan egingo dute lehen emanaldia, L’Equip Petit film labur katalanaren eta Soka Afrika pelikula ingelesaren pantailaratzearekin. Bigarrena, berriz, 20:30etan egingo da, eta Tom meets Zizou film alemaniarra proiektatuko dute.
Hauek dira jaialdiaren arduradunek zabaldu dituzten sinopsiak:
L’EQUIP PETIT
Roger Gomez eta Dani Resinez
Herrialde Katalanak, 2012
9 minutu / (J.B.A)
El Cangrejo ekoiztetxe katalanak egindako dokumental labur liluragarria da, eta bertan, Margataniaren istorioa kontatzen da. Neska-mutilez osaturiko aurre-benjaminen talde hau eskola ligaren azken jardunaldira heltzen da aldeko golik gabe eta kontrako berrehunetik gora jasota. Datu horrek, ordea, ez dio bere burua gainditzeko, dibertitzeko eta futbolarekin amesteko xedeari uko egiten.
SOKA AFRIKA
Suridh Hassan
Ingalaterra, 2011
59 minutu / (J.B.A)
Soka Afrika pelikulan, Kermit Erasmus hegoafrikarra eta Ndomo Sabo kamerundarraren aurrez aurreko istorioak ematen dira ezagutzera, haien ametsaren bila egin behar izan dituzten bideak.
Afrikako futbolarien erretratu ausarta da, ametsa eta amesgaiztoa banatzen dituen mugaren gaineko paseoa.
TOM MEETS ZIZOU
Aljoscha Pause
Alemania, 2011
136 minutu / (J.B.A)
Thomas Broich-en, alemaniako futbolari dagokionez etorkizun oparoa zuen jokalariaren ibilbidearen erretratua egiten duen filma da. Broich “Mozart” edota “Netzer berria” ezizenez ezaguna den futbolari berezia da. Futbolariaren ezusteko lanbidea eta bizi-eboluzioa erakusten ditu, bere bizitzako atal desberdinak bilduz. Horretarako, bi urteko jarraipena egin zion Aljoscha Pausche zinemagileak, eta irudiak hari egindako elkarrizketekin tartekatzen ditu.