Forbidden Voices eta Rae filmak izan dira beste sarituak jaialdiaren XI.edizioa izan den honetan.
Giza Eskubideem XI.Zinemaldiak badu palmaresa. El metodo Arrieta, Forbidden Voices eta Rae izan dira atal ezberdinetako garaileak. Gaur goizean eman dute ezagutzera irabazleen zerrenda jaialdiko arduradunek. Publikoa, gazte epaimahaia eta Amnesty International izan dira sariak esleitzearen arduradunak, haien esku egon baita hautatzeko eskubidea.
Lehen unetik izan da ona El metodo Arrieta dokumentalaren eta ikusleen arteko harremana. Estreinaldiaren egunerako eserleku guztiak bete ziren, eta horren ondorio hamaika komunikabideetan jaso dituzte haien hitzak eta esker ona. Babesak amaiera unera arte iraun du, eta orain film luze onena izendatu du publikoak Jorge Gil Munarriz zuzendariaren lana.
Zegamar jatorriko bi ahizpa dira Lurdes eta Mentxu Arrieta. 50 urte baino gehiagor eta ezgaitasun fisikoa dute biek, jaio zirenetik, eri honek mugimendua kontrolatzea galarazi diena. Lurdesen eztarriak ez du soinurik gauzatzen, eta eskuak ere ez dira gai arkatz bat sostengatu eta idazteko. Bizitza osoa elkarren ondoan emanda, arazo horrentzat irtenbidea topatu dute: hitzak begien mugimenduaren bitartez idatziko dituzte airean marraztutako irudimenezko puntu batzuetan, hizkiz-hizki eta letra larriz.
Emanuelle Nicoten Rae film laburra da irabazleen artean bigarrena. Hamarretik 8,13 puntu emanez saritu du Gazte Epaimahaiak, lanaren kalitate zinematografikoa eta giza eskubideekiko sentikortasuna azpimarratuz. Izan ere, urtez urte munduan milaka emakume hiltzen dituen kultura eta indarkeria matxistaren salaketa da filma. Emakumeak, eta bide batez, gizarte osoa, arazo hori aurre egiteko gai direla frogatu nahi izan du zuzendariak filmaren bitartez.
Barbara Millerek zuzendutako Forbideen Voices film luze dokumentala saritu du Amnesty International Saria ematen duen epaimahaiak azkenekoz. Aho batez hartu dute epaimahaikideek erabakia, gainera. Filmak ahotsa eman eta aurpegia jartzen die, euren blogen eta sare sozialen bitartez, giza eskubideen inguruko errespetu eta askatasunaren aldarrikapena zabaldu duten hiru emakumeri: Zeng Jinyan txinatarra, Farnaz Seifi irandarra eta Yoani Sanchez Kubatarra. Emakume hauek askatasun propioa arriskuan jarriz mantendu dituzte euren blogak, baina, aldi berean, jatorrizko herrialdeetako agintarien errepresioaren aurreko izugarrizko babes mugimendua jaio da haien inguruan.