zinexpress

Lehiaketaren egunean bertan sortutako lanen parte hartzea da lehiaketaren bereizgarria.

Dagoeneko irekia dago Zinema Express Lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea. Ekainaren 26a arte mantenduko da irekia, baina antolaketa arrazoiak direla eta, arduradunek adierazi dute plazak mugatuak direla. Epea bukatzen denean, antolatzaileak parte hartzaileekin kontaktuan jarriko dira haien asistentzia konfirmatzeko. Izena emateko nahikoa da lehiaketaren webguneko formularioa betetzea.

Portugaletekoa (Bizkaia), ez da ohiko lehiaketa. Gehienez lau minutuko iraupena duten film laburrak aurkeztu beharko dira, baina jaialdiaren egunean bertan “express” filmatutakoak. Hamar orduko denbora tartearekin, parte hartzaileek lanak pentsatu, filmatu eta editatu beharko dituzte, eta egunaren amaieran arduradunei helarazi. Film labur guztiek gai bera izan beharko dute, partaideek egun horretan bertan ezagutuko dutena, eta antolatzaileek proposatutakoen artean gutxienez hiru lokalizazio erabili beharko dituzte. 

Ikus.entzunezkoen munduko diziplina ezberdinetako profesional entzutetsuek osatu dute epaimahaia jaialdiaren aurreko edizioetan, zuzendariak, argazkilariak, aktoreak…  Antolatzaileek adierazi dute aurtengoa ere halakoa izango dela. Hiru dira banatuko dituzten sariak:

–       Trofeoa + 1000 euro film labur onenari

–       Trofeoa + 800 euro bigarren sailkatutako lanari

–       Trofeoa + 600 euro hirugarren sailkatutako lanari