l_patricio-guzmn-11-200x200Ganora filmak elkarteak,gainera, saridunak berak zuzendutako mintegia antolatuko du zinemaldiaren programazioaren barruan.

Patricio Guzman dokumentalgileak jasoko du aurten Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari nagusia. Ostiralean izango da, 16:30etatik aurrera, txiletarrak zuzendutako bi filmen erakustaldia egin eta gero.

Azken berrogei urteotako dokumental egile arrakastatsuenetarikoa da Guzman.  1941an jaio zen Santiagon (Txile), eta Madrilgo Zinematografiako Eskola Ofizialean egin zituen ikasketak. Pinocheten estatu kolpearen ostean, fusilatzeko mehatxua egin zioten eta bi astez inkomunikatua egon zen Estadio Nazionalean. 1973eko azaroan utzi zuen herrialdea, eta Kuba, Espainia, Frantzia zein munduko beste zenbait herrialdeetan bizi izan da geroztik. Irakasle gisa ere aritu da Europan eta Latinoamerikan, eta Santiagoko dokumentalen zinemaldiaren (FIDOCS) sortzaile eta zuzendaria da.

Txilen gertatutakoa ulertzen lagunduko zuten dokumentalak egiten eman ditu bere urte gehienak, eta horregatik lotura estua du Giza Eskubideen gaiarekin.  Guzmanen hitzetan zinema dokumentalik gabeko herrialdea, argazki albumik ez duen familia bat bezalakoa da, eta horregatik ez dio Txilen jazotakoa ulertzen lagunduko zuten lanak egiteari utzi: “Txilen, egun, ez dago memoria historiko landurik. Pinocheten estatu kolpea azaltzen duten pelikula asko egin ditut, eta ez dira nahikoak. Ez dut etsiko. Gazteek haien herriaren historia ezagutzea nahi dut, hura epaitzeko aukera izan dezaten”.

Diktadura bezalako gai zailak ere izan ditu aipagai zuzendariak. Haren usteetan, zinegile bat gogorrak izan daitezkeen gai jakin horiek lantzera espezializatzen denean, ondo baino hobeto jakin behar du ikuslegoa bere lanari gerturatzen. “Hori da Donstiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren balio handiena, bertan proiektatzen diren pelikulak, gai interesgarriak jorratzeaz gainera, erakargarriak direla”.

Mintegia ere

Zuzendari txiletarrak ikastaroa emango du ere egunotan, Zinema Dokumentala Patricio Guzmanen arabera mintegia antolatu baitu Ganora Filmak elkarteak. Apirilaren 23a eta 26a bitartean egingo da, San Telmo Museoko ekitaldi aretoan.  Film dokumental bat artistikoki sortzearen mamiari helduko dio mintegiak. Ideia, kontzeptu eta nozio bakoitza bere obraren zati batekin ilustratuko du egileak.