Giza Eskubideen Zinemaldiaren aurkezpena Viktoria Eugenia Klub aretoan egin dute. Bertan Nerea Txapartegi Kultura ordezkaria, Juan Karlos Izagirre

Giza Eskubideen Zinemaldiaren aurkezpena Viktoria Eugenia Klub aretoan egin dute. Bertan Nerea Txapartegi Kultura ordezkaria, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Josemi Beltran jaialdiaren zuzendaria. (Argazkia: Mikel Goñi)

Hogeita bost film luzek, hamasei laburrek, hiru erakusketek eta beste zenbat emanaldik osatuko dute apirilaren 19tik 26ra izango den Giza Eskubideen XI. zinemaldiaren programazioa. Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eginiko prentsaurreko batean aurkeztu dute ekimena, gaur. Donostiako Udalak antolatzen du ekimena, eta bertan izan dira Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea, Nerea Txapartegi, Kultura ordezkaria, eta Josemi Beltran zinemaldiaren zein Donosotia  Kulturako zinema unitateko zuzendaria.

Giza Eskubideen Zinemaldia hamargarren aldiz da egitekoa. Antolatzaileen hitzetan, aurreko urteko kalitatea mantendu ez ezik, gainditu ere egin du aurtengo edizioak.  Baita ere jarduera paraleloei dagokienez.  Pantailaratuko diren hogeita bost film luzeetatik, hamasei izango dira Sail Ofizialak hartuko dituenak.  Aurtengoan gainera, urteetan ohikoa izan den dokumental generoko lanen gailentzea alde batera utzi, eta fikziozko filmak ere ugari izango dira. Beltranek adierazi duenez, pozik daude egindako aukeraketarekin. Izan ere, “zaila” izaten baita jaialdiak hartzen dituen gaiak lantzen dituzten kalitatezko fikziozko lanak topatzea.

Bestalde, pantailaratuko dituzten guztien artean jatorri euskaldunekoak nabarmendu nahi izan ditu Txapartegik. Agronautas, Alardearen seme-alabak eta El Metodo Arrieta filmak hain zuzen.  Kultur sailburuaren hitzetan “maila handikoak” dira euskal sortzaileek egindako lanak eta oso pozgarria da donostiarrek halakoak ikusteko aukera izatea.

Sail ofizialeko emanaldiez gain,  film laburren lehiaketa, haurrentzako emanaldiak, erakusketak eta bestelako hainbat ekimenek osatuko dute programazioa.  Jorratuko dituzten gaiak ere askotarikoak izango dira: heriotza zigorra, Fukushimako ezbeharra, Sahara, LGTB  kolektiboa eta Palestinar herriari oroitzapena, besteak beste. Era berean, aurkezpenean Patricio Guzman dokumentalgile txiletarrari eman beharreko saria gogoratu dute

Kultura aldetik, kalitateaz gain, sormenaz ere “beteta” datorren zinemaldia aurkeztu du Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak agerraldian. Izagirre alkateak ere hartu du hitza, eta udaletxeak Giza Eskubideen lanketan duen “sentsibilizazio berezia” nabarmendu nahi izan du. Alkatearen hitzetan, giza eskubideen gaiaz hitz egitean nazioarteko gai eta gatazkak etorri ohi zaizkigu burura, baina Euskal Herrian ere horrelakoak  gertatzen direla gogorarazi du. Zortzi urteko espetxealdira kondenatu berri izan diren gazteak jarri ditu horren adibide. Bertakoak ahaztu gabe, ikuspegi zabala eta kontzientziatua egitearen alde azaldu da Izagirre Donostiako Udalaren izenean.