cartel-cine-derechos-humanos-2013

Etxebizitza eskubidearen aldeko argazki akzio tailerra antolatu du Kaleratzeak Stop Plataformak Donostian (Gipuzkoa) ospatuko den Giza Eskubideen Zinemaldiaren harira. Apirilak 12-14 bitarte egingo da, Enmedio kolektiboko kide den Oriana Eliçaberen gidaritzapean. Etxebizitza eskubidearen aldeko ekimena izatea nahi dute antolatzaileek, teoria zein praktika uztartuz ezagupen eta esperientziak partekatzeko pentsatua, eta bertan parte hartzeko deia egin dute.

Dagoeneko ireki dute izen emateko epea, eta lekuak bete bitartean mantenduko da. Datorren ostirala, larunbata eta igandea hartuko ditu tailerrak, goizez zein arratsaldez, eta bi izango dira egoitza nagusiak: Amarako Ernest Lluch kultur etxea eta Urgull mendiko Guardetxea. Gehienez hamabost pertsonek hartu dezakete parte, eta izen ematea derrigor kolektiboak duen webgunearen bitartez egin beharko da.  Gutxieneko baldintza batzuk betez gero, izena ematen duten lehenengoek lehentasuna izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Ikasle, profesional edota argazkilaritza gustuko duten pertsonei, edo artea eta ikus-entzunezko komunikazioan moldatzen direnei zuzentzen zaie tailerra. Argazkigintza lanabes bezala harturik, “errealitate gordinaren” difusioan parte hartu nahi duten horiei, hain zuzen. Helburua esposizio eta difusio molde klasikoak haustea da,  ekimen soziala bultzatzearekin batera.