Lupa jaialdiaren hastapen kanpaiak entzun daitezke une honetan bertan, izan ere film dokumentalen topaketa honen emanaldiak gaur, martxoaren 27an, bertan hasiko baitira. Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkartean egingo dute erakustaldiaren lehen emanaldia. Hain zuzen ere, bertan emango baitute 27 Urte ez dira ezer! lana. Film honekin hasi eta Donostiako Guardetxea aretoan egingo duten  Txifarra zein Percebeiros lanen emanaldiarekin bukatuko da mostraren programa.

27 Urte ez dira ezer! lanak Errenteriako Zintzilik irratiaren historia kontatzearekin batera herrian bertan hiru hamarkadotan gertatutako aldaketen azalpena ere ematen du. Aurten ekoitzitako lan honen laburpena eskura jarri dute egileek: “Zintzilik Irratia, Oreretako irrati librea, 80. hamarkadan sortu zen Euskal Herriko irrati libreen filosofia eta testuinguruan. Oreretako mugimendu sozialetako pertsonek sortua izan zen hedabide ofizialetan ahotsa ez zutenei ahotsa emateko (intsumisioa, feminismoa, ekologia, homosexualitatea, euskara…) eta herritik eta herriarentzat informatzeko. Hori dela eta, ez da irratiaren historia bakarrik kontatzen, Oreretako borroka sozial eta politikoaren zati txiki bat ere jasotzen da. 70. hamarkadako herri asanbladetatik gaur eguneraino, Zintzilik Irratiaren mikrofonoen ikuspegitik kontatua”.