Euskal zinemagintza izango da aste honetarako Madrilgo (Espainia) Cineteca Mataderok prestatu duen  programazioaren protagonista.  Hogeita bost urte bete dira aurten Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua publikatu zenetik, eta hainbat ekitaldi prestatu dira urteurrenaren ospakizunaren harira. Madrilera ere iritsi da ekimena, eta horren parte da kultur guneak aurkeztuko duen El Universo Atxaga pelikula zikloa.

Hilaren 23 eta 24rako, larunbat eta igandea hain zuzen, daude programatuak saioak. Bi izango dira egun bakoitzean pantailaratuko diren filmak, lehenengoa 18:00tan eta bigarrena 20:00etan.  Larunbatean Joxeanjel Arbelaitzen Leku hutsak, hitz beteak eta Montxo Armendarizen Obaba filmen txanda izango da, igandean berriz, Aizpea Goenagaren Zeru Horiek eta Imanol Rayoren Bi Anai  pantailaratuko dituzte. Arestian aipatutako pelikula guztiek Atxagaren lanak dituzte oinarri. Saio guztiak Matadero eraikineko Azkona aretoan egingo dira, eta sarrera librea izango da lekua bete bitartean.

Atxagarenak ez dira programa osatuko duten euskal film bakarrak. Martxoaren 26rako ere, asteartea, Jon Maiaren Gazta zati bat filmaren emanaldia prestatu du zineklubak. Zikloarekin batera, Atxaga en las Artes erakusketa izango da ikusgai, eraikin bereko zinetekan hau ere.