Nafarroako Filmotekak Enrique Soler de Agustin zinemagilearen  lanak hartu ditu dohaintzan.  Hainbat formatutako 204 bobina eman dizkiote erakundeari Solerren senitartekoek. Lan hauek, besteak beste, herrialdearen historiako hainbat une bitxi biltzen dituzte.

1931 eta 1989 urteen arteko lanak dira Nafarroako Filmotekak jaso dituenak; izan ere, garai horretan guztian aritu baitzen Soler zinemagile zaleturen moduan. Tarte horretan jasotako gertaeren artean daude Irati trenaren azkeneko bidaia eta Elurretako Ama Birjinaren ermitaren inaugurazioa.

Filmotekak film hauek formatu digitalera pasatuko ditu eta jatorrizko irudien euskarriak egoki gordeko ditu, etorkizunean ere erabilgarri izan daitezen. Erakunde honetako arduradunek jakinarazi dutenez, bilduma oso egoera onean jaso dute, eta espero dute sailkatze eta dokumentatze lanak errazak izatea Solerrek metodikoki prestatu eta gorde zituelako grabatutako materialak.