Jaialdiaren antolatzaileek ekologiarekin, berdintasunarekin eta balioetan oinarria duen hezkuntzarekin zerikusia duten lanen emanaldia proposatu diete Donostiako (Gipuzkoa) ikastetxeei.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren inguruko xehetasunak ematen ari dira egunotan, eta antolatzaileek hiriko ikastetxeei zuzenduriko programazioaren berri eman dute gaur. Jaialdiak duen helburu didaktikoarekin bat eginez, hiru lanen proiekzioak prestatu dituzte, horien bidez ekologia, berdintasuna zein hezkuntza bezalako gaien inguruko hausnarketa bultzatzeko.
Antolatzaileek hiru lan aukeratu dituzte adin tarte ezberdinetako haurrei egokitzeko asmotan. Hala, txikienei, hau da, 6 eta 9 urteko arteko umeei, animaziozko filma den Herensugeak. Haritzaren bihotzean erakutsiko diete. 10 eta 13 urte artekoei, berriz, Christophe Barratier-en Koruko mutilak proposatu diete. Azkenik, 13 urtetik gorako ikasleei Srdan Dragojevic-en Desfilea zuzendu diete. Lehena eta bigarrena euskaraz emango dituzte; hirugarrena, ordea, euskarazko azpitituluekin. Iaz ere antolatu zuten horrelako ekimena, eta bertan 3.000 haur inguru izan ziren parte hartzaile.
Film bakoitzak aukeratutako adin tarteko haurrek uler dezaketen moduan gai bat jorratzen du. Txikienek klima aldaketaren inguruko gora beherak izango dituzte ikusgai Ricardo Ramonen eta Angel Izquierdoren Herensugeak. Haritzaren bihotzean filmarekin. Koruko mutilak filmak balioetan oinarria duen hezkuntza jarriko du aztergai.
Helduenek, berriz, Desfilea filmaren bidez pertsona homosexualen eskubideak aztertuko dituzte. Film honen ondoren lesbiana, gay, transexual eta bisexualak biltzen dituen gehitu elkarteko ordezkari batek solasaldi bat dinamizatuko du.