http://vimeo.com/32157760
Nazioarteko Zeinuen Hizkuntza Zinemaldiaren laugarren aldia antolatuko dute urte amaierarako.  Tolosaldea-Goierriko pertsona gorren elkarteak adierazi duenez, aurten ere Tolosak (Gipuzkoa) jasoko du jaialdia, azaroaren 7tik 9ra bitartean.  Azken egun horretan, hain zuzen, banatuko dira Gainditzen 2013 sariak film labur mutu onenari. Lehiaketaz gainera, zeinu hizkuntzaz egindako filmen emanaldiak eta aurkezpenak ere egingo dira.

Lehiaketaren bidez, aitorpen eta aukera berriak eskaintzen dizkiote antolatzaileek sarritan kultur ekimenetan parte hartzeko zailtasunak dituen gorren komunitateari.  Hemezortzi urtetik gorako edozeinek, gorra zein bestelakoa, izango du lehiaketan parte hartzeko aukera. Film laburraren edukia ere librea izango da, betiere zeinu hizkuntzan egindakoa bada.

Gaztelaniazko azpitituluak eduki beharko dituzte aurkeztuko diren filmek. Azpititulatuak ez badaude, egileek testu batean idatzi beharko dute filmaren edukia, antolatzaileek hauek sortzeko aukera izan dezaten.  Partaideak jasoko du testua itzulpena egin eta gero, egoki diren azpitituluak bidali baino lehen lanean itsatsi ditzan.  Filmaren iraupena bost minutukoa izan beharko du gutxienez, eta ezingo du orduerdia gainditu.

Interesaturik dagoenak, Gainditzen elkartearen webgunean aurki ditzake lehiaketaren oinarriak, zein izena emateko beharrezkoak diren dokumentu eta argibideak.