Bihar, ostirala, egingo dute, Donostiako (Gipuzkoa) Urgull mendiko Guardetxean, Motz erakustaldiko martxoko emanaldia. 20:00tan emango zaio hasiera emanaldiari, eta sarrera librea izango da ikus aretoa bete arte. Lau film laburren pantailaratzea prestatu du Banda Bat elkarteak hilabete honetarako, eta ondoren kontzertuak. Ülmen eta Prime Lane taldeen emanaldiek itxiko dute saioa.

Telmo Esnal zuzendari zarauztarraren Hamaiketakoa izango da euskerazko lan bakarra biharko erakustaldian. Euskal pantailako aurpegi ezagun ugari biltzen ditu filmak, besteak beste, Kontxu Odriozola, Paco Sagarzazu eta Itziar Aizpuru. Euskarazko ekoizpena da, baina gaztelerazko, ingelerazko eta frantsesezko azpitituluak ditu. Hauxe da sinopsia: Egunero, ordu berean, Antonio eta Santik elkarrizketa berezi bat dute. Hiru emakume dira horren lekuko. 

Film laburrei babesa eta indarra emateko saiakeran, Guardetxeak kudeatzen duen Banda Bat elkarteak sortutako ekimena da Motz. Jatorri eta mota guztietako filmak jasotzea eta pantailaratzea du helburu,  beste modu batera tartea edukiko ez luketen proiektuei lekua egitea. Lanak erakutsi, eta egileak ezagutzeko aukera ematen saiatzen dira, publikoak ere ikusgai dituen film hauen eraketa prozesuaren berri izateko aukera izan dezan.

Esnalen Hamaiketako filmaz gainera, honako hauek izango dira ikusgai: Maria Elorzare, Jose Tenare eta Maider Fernandezen Mayo se marchita, PendejoreN eta Gorrotxapeken ¡Quiero jugar el futbol! eta Xabier Cerceda Hozen El enigma Fulcanelli.