Patricio Guzman (Argazkia: Donostia Kultura)

Patricio Guzman (Argazkia: Donostia Kultura)

Ganora Filmak elkarteak jaialdiaren programazioa osatuko duten bi ikastaro antolatu ditu.

Patricio Guzman dokumentalista txiletarrak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria jasoko du aurtengo edizioan. Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak eta Donostia Kulturak antolatzen duten zinema jaialdia apirilaren 19a eta 26a artean egingo dute, eta egun horietako programazioa osatuko duten bi ikastaro atondu ditu Ganora Filmak elkarteak Guzmanek berak emandakoa lehena eta Amal Ramsis errealizadore egiptoarrak bestea.

Patricio Guzman azken hamarkadetako munduko dokumental egile handienetakoa da. 1941ean jaio zen Santiagon eta Madrilgo Zinematografiako Eskola Ofizialean egin zituen ikasketak. La batalla de Chile (1973), En nombre de Dios (1987), La cruz del sur (1992), Pueblo en vilo (1995), Chile, la memoria obstinada (1997), Isla de Robinson Crusoe (1999), El caso Pinochet(2001), Madrid (2002), Mon Jules Verne (2005), Salvador Allende (2004) eta Nostalgia de la luz (2010), lanak osatu ditu, besteak beste.

Ganora Filmak elkartearen ikastaroek forma ezberdinak hartuko dituzte.  Zinema dokumentala, Patricio Guzmanen arabera izenekoak mintegia gisa antolatu dute; berau apirilaren 23 eta 26 bitartean egingo da San Telmo Museoko ekitaldi aretoan. 20 orduko mintegia izango da, 5 orduko 4 saiotan banatuta, eta 80€ balioko du.

Bestalde, Amal Ramsis errealizadore egiptoarrak bideo edizio ikastaroa emango du. Honek tailer forma hartuko du, eta emakumeei zuzenduta dago. Doakoa izango da lantegia, baina aldez aurretik izena eman beharra dago Ganora Filmak elkartearen webgunean tokiak mugatuta daudelako.