Eiken klusterrak jakitera eman duenez, MIPTVn, Ikus-entzuneko Eduki eta Eduki Digitalen Nazioarteko Merkatuan izango da aurten ere Basque Audiovisual marka. Euskal Herriko ikus-entzunezko sektore guztia ordezkatzeko jaio da Basque Audiovisual, eta izen horren pean aurkezten dira euskal ekoizpenak nazioartean. Azoka apirilaren 8tik 13ra bitarte egingo da, Cannesen (Frantzia).
Eikeneko kideak, Etxepare Institutuarekin elkarlanean, hasi dira merkatuan aurkeztuko diren ekoizpen eta ideien aukeraketa egiten. Lehenengo pausoa otsailean eman zuten, publikoaren ekarpena jasotzeko epea irekiz. MIPTV merkatuari dagokionez, plataforma guztietarako entretenimenduzko edukien sorkuntza, ekoizpen, salerosketa, finantziazioa eta banaketarako garrantzitsuenetakoa da mundu osoan. Honen bidez, euskal ikus-entzunezkoen presentzia bermatzen da lehen mailako erakustoki batean.
Azken urteotan krisiak gogor jo badu ere, 100 herrialdetako 11.500 profesionalen presentzia aurreikusi da aurtengo aldirako.