http://vimeo.com/57930879
Lupa dokumentalen erakustaldiaren egitaraua zein izango den zehaztu dute. Dagoeneko kontsultagai dira  parte hartuko duten lanen zerrenda eta pantailaratze egunak topaketaren webgunean.  Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo eta Donostiako (Gipuzkoa) Banda bat elkarteek antolatzen dute erakustaldia, eta bi hiriotan erakutsiko dituzte hautatutako lanak.

Martxoaren 27a eta 31 bitarte egingo dira emanaldiak. Asteazken, ostiral eta larunbatean Errenterian, Mikelazulo Elkarteak Beheko Kalean duen aretoan; eta ostegun zein igandean Donostian, Urgull mendiko Guardetxean.  Orotara zortzi lan proiektatuko dituzte, euskarazkoak, gaztelerazkoak, edo bi hizkuntza horietako batean azpititulatuak.  Mundu osoko lanak jaso dituzten arren+, bertako ekoizpenak ere izango dira erakustaldian. Besteak beste, Zintzilik Irratiaren urteurrenari buruzko 27 urte ez dira ezer, eta Mikel Zatarainen Branka.

Emanaldietarako sarrera doakoa izango da, lekua bete artekoa, eta filma guztien aurkezpenek izango dute egilearen presentzia. Dataz kanpoko aurkezpen ekitaldia antolatu du, gainera, Lupak hilaren 22rako, ostirala. Alberto Torrescalles zuzendariaren Flores de la frontera filmaren emanaldi berezia egingo da Errenteriako Orereta ikastolan.

Ez garaile, ez garaiturik

Lupa erakustaldian ez dago saririk. Aurkeztutako lanak ez dira elkarren artean lehiatuko. Topalekuaren helburua egileak harremanetan jartzea da, dokumentalgintzaren inguruan hausnartzeko aukera izan dezaten. Bide batez, publikoak beste modu batera ikusterik izango ez lituzken filmak ezagutzeko parada du ekimen honi esker.