Martxoaren 12eta 13an 2012 Mendi Film Festival-en lehiaturiko pelikulen lagin baten erakustaldia egingo dute, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor Antzokian. Sarreren prezioa bost eurokoa izango da, eta leihatilan bertan erosi ahal izango dira emanaldiaren egunean bertan.  

Abenduaren 14tik 23ra bitarte egin zen festibala Bilbon, eta bertako pelikula sarituak izango dira, hirugarren urtez, Tolosan pantailaratuko direnak. Ekitaldi honetarako  prestatu duten erakustaldian, haizea, elurra eta urarekin loturiko filmak izango dira nagusi, guztira bost lan proiektatuko dituztela. Filmak pantailaratzeaz gainera, Alex Txikon alpinista izango da, jaialdian bertan estreinatu zuen Bajo Cero film laburraren aurkezpen hitzaldia egiten. Azalpenaren bidez, filmatzean bizitako esperientziara gerturatu nahi du bertaratuko den publikoa.

Urtez urte gero eta sona handiagoa hartzen ari da Mendi Film Festival jaialdia, horrela, gero eta film gehiago estreinatzen dituzte bertan.   Muturreko kirolen zale eta mendizaleez gainera, zinemazaleak ere erakartzea da zinemaldiaren erronka. Ideia honekin, espezialitate horretan dauden zuzendari  onenetarikoak ekarri zituzten antolatzaileek lehiaketaren azken ediziorako, filmen nondik norakoak azaldu, eta sortu zitezkeen zalantzak argitzeko.