
‘Bazen behin uharte bat’ filmaren irudi bat
Datorren ostegunean, hilak 28an, estreinatuko dute Bazen behin uharte bat filma dokumentalaren jatorrizko bertsioa, baina euskarazko azpitituluekin. 19:45tan emango zaio hasiera ekitaldiari, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor aretoan. 2010 urteko ekoizpena da Bazen behin uharte bat, eta Eusko Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz egitasmoaren bitartez ekarri dute hizkuntza honetara.
Gipuzkoako Ordizian zein Beasainen ere aurkeztuko dute dokumentalaren euskarazko bertsioa: martxoaren 20an Ordiziako Herri Antzokian ikusi ahal izango da, arratsaldeko 20:30ean, eta 28an eta 29an, Beasaingo Usurbe Antzokian arratsaldeko 19:30ean emango dute.
Bazen behin uharte bat izeneko filma Zeelanda Berrikoa da. Dokumental hau 2010. urtekoa da, eta genero horretako sari ugari eskuratu ditu. Zuzendaria eta argazkiaren egilea Briar March zinemagilea da. Klima aldaketa giza ikuspegitik jorratzen duen istorioa da. Klima aldaketa kontzeptuak abstraktu izateari uzten dio bere izaera suntsitzailea agerian uzteko, ez soilik lurralde geografikoan duen eragin zuzenagatik, baizik eta bertan bizi diren pertsonengan eta horien identitean duen eraginagatik baizik.
Filmaren arduradunek zabaldu duten sinopsia:
Zer gertatuko litzateke zure familiak bere etxea betiko uzteko erabakiari aurre egin beharko balio eta alternatiba posiblerik ez balu? Hori da Takuuren errealitatea, Pazifikoko hego ekialdeko uharte txiki bat. Itsasoaren mailaren igoerak etxeak urpetu eta hondarra jaten duen bitartean, kulturalki bakana den komunitate honen bizitzari gogor eragiten diote klima aldaketaren ondorio suntsitzaileek. Zenbat denboraz bizi ahal izango dira uhartean? Ze aukera dute itsasoaren igoera geldiarazteko, gobernuaren baliabiderik eta inolako informazio ofizialik gabe?
Biztanleria izuak jota dagoela, atzerriko bi zientzialarik, John Hunter ozeanografoak eta Scott Smithers geomorfologoak, uhartera bidaia egin dute komunitatea mehatxupean duten benetako arriskuak aztertzeko asmoz. Bien bitartean, komunitateko hiru pertsonaiak, Telo, Endar eta Satty-k, beraien bizitzetan eta kulturan barneratzen utziko digute, eta aldi berean, lehen eskutik erakutsiko digute mundu mailako ingurumen krisiak gizakiengan duen eragina.