Donostian izango dira aurten ere Clermont-Ferrand Nazioarteko Zinemaldiko film labur esperimentalak. Gaur hasi, eta martxoaren 2ra arte iraungo du erakustaldiak. Hitzordua Donostiako (Gipuzkoa) Antzoki Zaharrean izango da; astearte, ostegun, ostiral eta larunbatean, 19:30etan.
Zinemaldiaren, TabakalerareN eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanak seigarren urtea beteko du, eta aldi honetan ere askotariko proposamena izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, azken urtean egindako 30 film “labur, arriskatu eta ezberdinek” osatuko dute edizioa. “Ikuspuntu berritzaileak, eta baita bideo-artearen mundutik edo arte garaikidetik gertu dauden lanak eskainiko dira, disziplina arteko mugak lausotzen diren eremu horretan kokatzen direnak”.
Film laburren alorrean, munduko erreferentzia garrantzitsuenetakoak dira Antzoki Zaharrean ikusgai izango direnak. Jatorrizko bertsioan eskainiko dira lan guztiak, azpitituluekin. Astearte eta larunbatean gaztelaniaz; eta ostegun zein ostiralean, euskaraz.