Jendea zain-zain zegoen, azkeneko denboraldian literatura espainolaren eremuan gehien irakurri zen eleberrietako baten, Javier Cercas-en izen bereko lanaren bertsio zinematografikoa ikusteko. Egia da ez duela huts egiten, eta eleberria irakurtzen den bezain gustura ikusten dela filma. Bi mintzaira, literarioa eta zinematografikoa, biak aurrera doaz paraleloan, bakoitza bere aldetik, bakoitzak dagokion bidea eginez, elkarri kopiatu gabe, elkarrekin nahastu gabe.
Filma bere alderdi narratiboan hiru maila desberdinetan dabil: Alde batetik, Falangearen ideologoaren huts egin zuen fusilamenduaren historia kontatzen da. Rafael Sanchez Mazas Jose Antonio Primo de Riveraren lagun mina zen eta Falangearen sortzailea. Gizon horren bizi-ibilbidea era batera edo bestera gertaeran inplikatuta egon ziren testigantzen bidez kontatzen da, dokumental- ukitua eta fikzioa trebetasunez nahastuz. Bigarren narrazio-maila gogoeta bat da, Miralles milizianoaren pertsonaian gorpuztua, hori da buruzagi falangista heriotzatik salbatu zuena. Filmak gizonak batzuetan aingeru eta bestetan deabru izatera bultzatzen dituen ezkutuko arrazoiak ikertzen ditu.
Milizianoa pertsonaia konplexua da, munduan gorputza orbainez beteta dabilena eta arima desengainuak jota daramana, gizartea gero eta basagoa delako eta gizonaren gizonen aurkako gogorkeria saihestezina delako. Pertsonaia horren bidez zorroztasunez salatzen dira gerra zibil espainiarra eta gerra guztiak, eta politikoek egiten duten horien manipulazioa. Hirugarren narrazio-maila, filmaren hari nagusia, emakume kazetariaren pertsonaia da, nobelagilearen alter ego dela esango genuke. (Lizentzia hori hartu du gigoilariak, egoki hartu ere, eleberriko gizaseme protagonista emakume bihurtuz).
Lola Cercas antzezleak ibilbide bikoitza egiten du: Alde batetik, gertaera historikoaren ingurumariak ikertzen ditu, erabaki-ezagatik eta ziurtasunik ez zuelako alde batean utzi zuen karrera literarioari berriro heldu nahian. Eta, beste aldetik, ikertzen duen historiari esker, beste bide bat egiten du, sakonagoa eta pertsonala, harrokeria intelektualak eragiten duen jarrera itxitik, apaltasunak eta eskuzabaltasunak eskaintzen duen besteekiko jarrera irekia lortzera. Teknika bikaina erakutsi du egileak filma egitean. Azpimarratzekoak dira, besteak beste,
Javier Agirresaroberen argazki zoragarriak, antzezleen giropena eta interpretazioa, bigarren mailakoenak ere bai. Bikaintasunez aritu dira Ariadna Gil (Lola), Maria Borro (Conchi), Ramón Fontsere (Rafael), Joan Dalmau (Miralles) eta Diego Luna (Gaston) Film hori onenetakoa da gaur egungo zinemagintza kaskarraren eremuan, euskal zinemarena ez aipatzeagatik, aurten ez baita ia ezer azaldu gure gaiei buruz zinema-aretoetan . Agian, filmari egin dagokiokeen kritika bakarra da gehiegizko perfektutasuna erabili dela, nolabaiteko freskotasunaren kaltetan. Izan ere, batzuetan esaldi zainduegiak azaltzen dira elkarrizketetan, egokiagoak literaturaren munduan kaleetako egunerokotasunerako baino. Oso hutsegite txikia, gure ustez, hainbeste alderdi estimagarrien artean.
Juan Miguel Gutierrezek Habe aldizkarian 2003ko apirilaren 6an argitaratutako kritika, eta Habe erakundearen Ikaslbil.net webgunean jasoa.