Koldo Zuazua produktore donostiarrari egindako elkarrizketa argitaratu du PIAk, Ikus-entzunezko berrikuntza guneak. Filmatze prozesuan dagoen La Herida lanaren produktore exekutiboa da Zuazua, eta horren harira jaso ditu PIAk bere adierazpenak.
Borderline sindromea dela medio, zoriontasuna lortzeko bidean “auto-suntsiketara” jotzen duen neska baten gorabeherak jasotzen ditu filmak. Donostiako (Gipuzkoa) kaleak eta inguruak aukeratu dituzte Fernando Frankok, pelikularen zuzendariak, eta Koldo Zuazuak ekoizten ari diren filmaren hartualdiak egiteko. Hiriko hainbat lekutan grabatuko dute, batzuetan Donostia bezala erakutsiz eta beste batzuetan beste hiri bat izango balitz bezala. “Madrilen oso zentralizatua dagoen industria da zinemarena. Nire ustez, ahal dugun neurrian, oso garrantzitsua da egitura hori estatuko hainbat lekutara deszentralizatzea, eta Euskadi horretarako gune oso interesgarria dela uste dut” azaldu du Zuazuak.
Arkitektura ikasi zuen Venezian (Italia) eta Donostian, eta Madrilgo (Espainia) ECAMen ekoizpen espezialitatean diploma lortu zuenetik makina bat filmen ekoizpenean parte hartu du zenbait ekoiztexeetan lan egiteaz gainera. Egindako lan onaren fruitu, Goya sariak irabazteko hautagai izan dira Zuazuak ekoiztutako hainbat lan, Yo tambien eta Voice Over. Azken urtea Zipi y Zape y el club de la canica filma grabatzen eman du, Donostiako kaleetan barna hau ere.