Emak Bakia baita filma izango da interes puntu nagusietako bat, erakusketa eta guzti.
Urtebeteko atsedena hartu eta gero, sendo itzuli da Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Ikuspuntu Jaialdia, bere arduradunen esanetan. INNAk, Nafarroako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak, antolatuta gaur hasiko da zinemaldia, eta hilaren 24ra arte iraungo du. Mundu osoko hamazazpi dokumental lehiatuko dira sail ofizialean.
Josetxo Cerdanek, jaialdiko zuzendari artistikoak, esandakoaren arabera, “klasikoa eta trinkoa” izango da jaialdia bere zortzigarren aldian. Lan handia izan dute hautaketa batzordeko kideek erakutsiko diren lanak aukeratzeko. Denera 1.441 film ikusi dituzte, eta horietatik hamazazpi lan hautatu dituzte sail ofizialerako. Hamaika film luze, eta sei labur.
Sail berri bat izango du gainera jaialdiak, Prozesuak izenekoa. Nafarroako zinemagileak izango dira bertako protagonistak, eta amaitu gabeko sormen dokumentalak zein ez-fikziozko ikus-entzunezkoa lanak pantailaratuko dituzte. Horretaz gain, bere programazioan ohikoak diren sailak izango ditu zinemaldiak: Atzera Begirakoak, Erdialdea, Heterodoksiak eta Emanaldi Bereziak. Sail ofizialekoak barne, 85 dokumental bilduko ditu guztira Ikuspuntu Jaialdian.
Desagertzeko zorian egon zen iaz, Nafarroako Gobernuak egin zituen azken orduko aldaketa batzuk medio. Programazioaren %90a gertu zuela, bertan behera gelditu zen jaialdia. Biurteko izaerarekin berreskuratu dute aurten antolatzaileek, “bideragarriagoa” delakoan. Hala izango da aurrerantzean ere.
Emak Bakia baita, jaialdiaren erakargarri nagusietako bat
Euskarazko bi dokumental pantailaratuko dituzte jaialdian. Victor Iriarteren lehen film luzea, Ikusezina, eta Oskar Alegriaren Emak Bakia baita filma. Bigarrenaren baitan kokatuko da jaialdiaren interes puntu nagusietako bat. Man Ray artista estatubatuarrak sortutako film esperimentala da Emak Bakia. Emak-Bakia izena zeukan etxean bizi izan zen estatubatuarra Bidarten (Lapurdi), eta handik datorkio izena bere filmari. Rayren etxearen atzetik ibili da Oskar Alegria zinegile iruñearra, eta bilatze eta berreskuratze lanetan aurkitutakoa da Emak Bakia Baita lanaren bitartez erakutsi nahi duena.
Filmaren sortze prozesuan aurkitutako objektuekin osatutako erakusketa ireki du gainera Alegriak Iruñeako Konestable jauregian. Linternekin bisitatu behar da, eta, besteak beste, Bernardo Atxagaren argitaratu gabeko poema baten eskuizkribua eta Andre Izagirre bidartarrak Alemaniako Sachsenhaussen kontzentrazio esparrutik bidalitako argazkiak egongo dira ikusgai.