Azkeneko Cannes Festibaleko errebelazioa da, nahiz eta epaimahaiak hala aitortua ez izan. Lars von Trierek, bere ‘Bailando en la oscuridad’ lanaren ondoren Dogma-estilo berriaren zirrituetan ibilbide motza, baina intentsiboa, eginda gero, bereak dituen intentsitate eta sakontasunarekin kapitulu bat gehiago kontatzen digu bizitzea egokitu zaion komunitatean aurre egin behar duen pertsona bati buruz, egoismoa eta besteen ahuleziaz aprobetxatzea nagusi diren herrixka batean. Oinarri horren gainean mamitzen dira beldurraren zer-nolakoak: beldurra gauza berriei, ezezagunei, uxatu beharreko arrisku bezala.
Lars von Trier gero eta gehiago ari da lantzen bere estiloa. Pertsonaietan soilik zentratu nahian eta horien edozein erreakzio arakatuz, dekoratua alde batera uzten du, eraikuntzak, kaleak, mendiak, mendiak eta abar, dauden bezala irudikatzeko ikono eskematikoak erabiliz: kaleak zoruan marraztuta daude, berdin etxe-hormak ere, pertsonaiek keinu bat eginez karraska-soinua entzuten dela ateak irekiz, txakurrak lurrean egindako marrazkietatik aterata zaunkaka ari direla, platoa benetako herri bihurtzen du. Nahiz eta hasieran Brechten oihartzun nabariekin urruntze-elementuak badauden, istorioa garatzen den heinean, ikusleak naturaltasun osoz onartzen du, eta ez du eragozten pertsonaien barneratzeko prozesuan.
Bereziki aipatzekoa da Carl Theodor Dreyer maisuak Lars von Trier egilearengan duen eragina. Daniarra hura ere, giza arimaren introspekzioan sakonkien heldu den zinemagilea da. Atze-oihal gisa, bai maisuak bai horren ikaslerik onenak bereak dituzten ideia batzuk aurkitzen ditugu filmean, giza izaera zehazten dutena: kristautasun zorrotza, protestantismo latza, zenbait kontzeptu iraultzen dituena: bekatua, erruduntasuna, sakrifizio-bidezko librantza-premia, Jainko mendekatiaren eta zigortzailearen ideia goi-mailako justiziaren izenean.
Nahi zuen sentsazio bortitza lortzeko Lars von Trier egileak aktore konplizeak behar izan ditu bere unibertso konplexua transmititzeko. Horrelakoak ziren: Jean Marc Europa filmean; Emily Watson Rompiendo las olas-en (eta honek antz handia du gaur komentatzen ari garen filmarekin); Björn Bailando en la oscuridad filmean; Idiotas bikainak edo Nicole Kidman, benetan profesionala, zehatza, lan egitean dena ematen duena.
Lars egileak iragarri du Dogville filma Amerika sakonari buruzko trilogia baten aurreneko zatia dela; zain-zain gaude bigarren eta hirugarren zatiak ikusteko. Zalantzarik gabe atal berriak eta liluragarriak izango dira giza izaera hobeto ezagutzeko, eta Dreyer handiaren mundu zoragarriari egin genion poz berarekin egingo diegu harrera iragarritako lan horiei ere.
Juan Miguel Gutierrezek Habe aldizkarian 2003ko azaroaren 25ean argitaratutako kritika, eta Habe erakundearen Ikaslbil.net webgunean jasoa.