Jodie Foster-en ibilbidea sarritan noraezean dabiltzan Hollywoodeko aktoreena baino askoz ere suspergarriagoa da. Alde batetik, arrakasta handiko antzezlanak egin ditu; gogora dezagun Clarice Starling tenientearen rolean zein ondo erantzuten zuen Jonatham Demme zuzendariaren El silencio de los corderos (1991) filmean, Hannibal Lecter hiltzailearena egin zuen Anthony Hopkins-en mailako antzezle bati aurre emanez. Bestalde, zenbait film pertsonalen zuzendari ere izana da, El pequeño Tate lanarena, esate baterako. Gaur aipatu nahi dugun film interesgarri honetan, bi lan horiek profesionaltasun osoz burutzen ditu antzezle bikain horrek. Alde batetik, antzeztu egiten du eta, bestetik, ekoiztu.
The dangerous life of Altar Boys filma harrigarria da. Hasieran batean, gaiaren sinopsia ikusita, irudituko zaigu gaztetxo batzuek heldutasunera bidean pasatzen duten denboraldi zail horretako bizi-iniziazioaren gaia, jenero horretako beste film bat gehiago izango dela, gauzak ohi bezala aurkeztuko dituela: maila ertaineko nerabeak, etorkizunera begira kezkarik ez duten gaztetxoak, sexu-alorrean nahi dutena egiten dutenak, eta gutxieneko adimen-kozientea erakusten dutenak. Film hori, ordea, oso sakona da. Heldutasunerako iniziazio-bide horretan erlijioak txikitako heziketa errepresiboan izan zuen eragina aztertzetik abiatzen da lana. (Hor azaltzen da Jodie Foster, moja-ikastetxe bateko zuzendari beldurgarri baten rola eginez. ‘Zurezko hankadun’ ezizena jarri diote ikasleek).
Lau adiskideren istorioak kontatzen dira filmean, nahiz eta batez ere birenak gehiago lantzen diren. Laurak oso gustukoak dituzte marrazkiak eta super-heroien balentiak. Komikirako grina horren bidez mundu paralelo bat eraikitzen dute, eta marrazki bizidun horietan garatzen dituzte beren fantasia heroikoak eta zentzurik gabeak. Beste mundu bat kontrajartzen diete eguneroko bizitza monotonoari, eskola errepresiogileari, familia puskatuei, eta beste sexuarekiko zalantzazko harreman zailei: mundu berri eta desberdin bat, zeregin batzuk bete behar dituzten erraldoi ahalguztidunek osatzen dutena. Horrela, irudimenaren bidez sublimatzen dituzte, eta gauzatzen, bizitza errealak eragozten dizkien ametsak.
Aipatutako bi estetika horien arteko lotura: marrazki bizidunak eta nerabeen zinema, – bere narrazio eta estetika-arauak dituen zinema-jenerotzat hartuta-, oso zaila da egoki burutzen, erabili behar diren hain erritmo desberdinengatik. Hori ez da egilearentzat oztopo izan, horren aurreneko lana bada ere, aski maisutasun handiz lana osorik kontrolatzeko.
Baina, gazteek bere burua gorpuzten dituzten munstro horiek ez dira oinazetik edo heriotzatik libratzen. Bigarren honek bisita egingo protagonistetako bati, fikzioaren eta errealitatearen tartean dagoen amildegi sakona oso garbi markatuta utziz. Bizirik irauten duenak bat-batean helduaroa ezagutuko du, behin betiko atzean utzi zuten haurtzaroa bezain iluna eta ezezaguna. Azken sentsazioa gazi-gozoa da, eta erabat ezkorra, giza harreman aberasgarriak sustatzeko gai ez den gizarte amerikarrean.
Juan Miguel Gutierrezek Habe aldizkarian 2003ko irailaren 14an argitaratutako kritika, eta Habe erakundearen Ikaslbil.net webgunean jasoa.