nowhere in africaFilm alemaniarrak tantaka-tantaka heltzen dira gure aretoetara, produkzio europar, hegoamerikar eta asiar gehienak bezala, ze konpainia estatubatuar handiek mundu osoan ezartzen duen kontrol latzak, bidera ezin bihurtzen ditu beste produkzioak diru aldetik. Bidenabar esan dezagun, lortutako ez-ingelesezko zinemari dagokion ‘Oscar 2003’ sariak aukera ona eman digula azkenaldiko zinemagintza alemaniarraren alorreko film bat ikusteko. Zenbait zinemagile alemaniar agortuta ikusten ditugu beren lanetan. Esate baterako, Win Wenders, Werner Herzog, Wolker Schlöndorff, Reiner M. Fasbinder, Margarette von Trotta, Alexander Kluge, eta beste, ‘Zinemagintza alemaniar Berria’ izena duen Overhausen manifestuaren seme-alabek eman zuten eman beharrekoa. Beraz, belaunaldi berri baten sorreraren atarian gaude, ‘Zinemagintza Alemaniar Gaztea’ izenekoa. Aipa ditzagun talde horretako zenbait izen ezagun: Tom Tykwer eta Caroline Link egileak, gai eta estilo desberdinak erakusten dituztenak.

En un lugar de Africa filma holokaustoaren garaiko urte haietatik abiatzen da. Familia judu batekaldi ilunak datozkiela ikusita, Kenyako granja batera joatea erabakitzen du, babes eta lasaitasun bila. Filmean sentiberatasun samurrez eta kemen handiz, kontatzen da lurralde berrira, ohitura berrietara, egokitzeko gertatzen diren gorabeherak eta zailtasunak. Hasieran higuina sentitzen dute, baina gero, bizimodu berria onartzen dute. Pixkanaka-pixkanaka integratzen dira, maite dute lur berria. Eta atzean utzi zuten herrira itzultzeko garaian arazoak dituzte, jaioterrian ez baitago tragedian desagertu zirenen pertsona batzuen oroitzapena besterik.

Narrazioa lau pertsonaiaren inguruan hariltzen da, eta bakoitzak jarrera desberdina erakusten du egoera horren aurrean. Alde batetik, aita guztiz integratuta dago Kenyan urteak eman dituelako bere basetxeko lanetan, maite du harrera ona egin zion lurra, baina ez du jaioterria ahazten, eta hara itzultzeko gogoa sentitzen, du bere herria berreraikitzen laguntzeko. Amak arbuiatu egiten du ezarri zaion egoera, ez du hizkuntza onartzen, ezta ohiturak eta jateko era berriak ere. Atxikita dago bere Alemaniari, ez du inolaz ere ahazten. Horren adierazgarri da jaioterritik ekarri zuen portzelanazko baxera bitxia, hozkailu probetxugarriagoa han utzita. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, solidaritate afrikarrak biziki eragiten dio bihotzean, Alemaniara itzuli beharra jasanezin egiteraino. Bien alabak, lehendabizi haurtzaroa irudikatzen du eta gaztaroa, gero.Xaloa da, irekia, aurreiritzirik gabe, gauzak asimilatzeko, onartzeko eta abegia egin dion jendea maitatzeko prest, bertako egiteraino. Eszena bat aipatuko dut, jarrera zabal horren adibide gisa: zuhaitz batera igotzen da, bularrak biluzik dituela, tradizio afrikarra bere eginez. Eta azkenik, sukaldariak -baldar itxurako antzezle bikaina- ,humanismo afrikarra irudikatzen du, zuhurtasuna, umorea eta lurrak eskatzen duen pazientzia neurri onean erakutsiz.

Hura izango da jarrera-aldaketa eta lurrarekin bat egitea eragingo dituen talismana. Hasiera-hasieratik agertzen da sukaldaria malariak jota dagoen senarra erremedio naturalekin sendatzeko. Eta, norbaitek behar duen bakoitzean agertuko da gero ere, itxura batean albondigak prestatzeko bada ere, edo oti-izurria suntsitzeko. Bere zeregina bete ondoren adiorik gabe desagertzen da, nahiz eta guk guztiok dakigun berriro ere itzuliko dela, behar izanez gero bideak arakatuz, gu aurkitzeraino.

Agian, egotz dakioke film honi, eta arrazoiarekin behar bada, gehiegi idealizatzen duela bizimodu afrikarra. Badakigu, ondo jakin ere, Afrika argi ilunez beteta dagoela, gai dela gauzarik onenak eta txarrenak egiteko. Hala ere, filmak, burua pentsamolde desberdinetara irekitzeko eta mugak zabaltzeko dei-kantu bat egiten du, baita herrien arteko solidaritatearen defentsa ere, gizadia bizi duen basakeriatik ateratzeko baliabide bakar bezala. Ez da hirugarren Reich-en garaia bakarrik aipatzen, baizik eta muga espazialak eta denborazkoak gaindituz beste zenbait gai jorratzen dira: mestizajea, integrazioa, solidaritatea, gu geu, gure hiriak, gure auzoak, orain eta hemen.

Juan Miguel Gutierrezek Habe aldizkarian 2003ko ekainaren 26an argitaratutako kritika, eta Habe erakundearen Ikaslbil.net webgunean jasoa.