Blackie eta Kanuto, 3Dko formatuan eginiko lehen euskal filma gaur, hilak 15, estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zine areto nagusietan. Sei urteko lana eta gero, prest dago filma pantaila handira jauzi egiteko. Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea hiriburuetan ez ezik Getxo, Eibar, Barakaldo zein Errenterian ere izango da ikusgai.

Durangoko (Bizkaia) Baleuko ekoiztetxeak egin du filma, Frantziako Art’ Mell eta Italiako Lumiq enpresekin elkarlanean. Hori dela eta, hainbat hizkuntzatan iritsiko da zinemetara. Euskaraz, italieraz, frantsesez, baina baita gazteleraz zein ingelesez ere. Francis Nielsen frantsesa da zuzendaria, eta Ivan Oneka bilbotarra zuzendari artistikoa. Bilboko Barton Films banatzailearen esku geratu da filmaren banaketa, eta publiko familiar bati zuzenduta dago.

Sei urteko lana eta 120 profesionaleko lantaldea behar izan dira 8 milioi euroko aurrekontua zuen lana gauzatzeko. Filmak, gainera, EiTBren eta TVEren laguntza izan du. Egitasmo honetatik gainera, etorkizunerako proiektu berri bat jaio da ere: bukatzear dagoen Blackie, ardi beltza telesail berria. Hamaika minutuko hogeita sei kapituluk osatuko dute emanaldia.

 

Filmaren arduradunek zabaldu duten sinopsia:

Blackie, ilargira joatearekin tematuta dagoen ardi beltza da. Kanuto berriz, Blackierekin itsututa dagoen artzain txakurra… Baina ez du entzun ere egin nahi kohetearen kontua. Bidaiari ekingo diote, jakina.

Bidean beste lagun askorekin egingo dute topo… behi kantariak, otso limurtzailea, legez kanpoko armiarma etorkinak, hegazti hippiak eta kohete bat aireratzeko prest dagoen txakur talde bitxia… Pinky, godzillaren itxurako arrosa koloreko ardi erraldoia ordea, hau galarazten saiatuko da.

 

Blackie eta Kanuto filmaren trailerra ikusi nahi izanez gero, sakatu hemen.