Julio Medem-en ‘Lucia y el sexo’ filmaren irudi bat

Euskonews zinemari emana dator aste honetan. Bi izan dira aste honetan egintza honi eskaini dizkion testuak. Eusko Ikaskuntzak argitaratzen duen astekari elektronikoa da Euskonews, euskal kultura eta zientziaren inguruko albisteak argitaratzen dituena. 

Julio Medem zuzendari donostiarraren eta Juanma Bajo Ulloa errealizadore gasteiztarraren lanen inguruan egin duen tesiaren ideia nagusiak laburtzen ditu Lisa Willians Goodrichek, tesiaren autoreak berak, lehenengo artikuluan. Medem eta Bajo Ulloa zinemagile filmetan gizon eta emakumeek dituzten rolak ditu aztergai bere lanean.  Lehen inpresioan kontrakoa pentsarazi badiezagukete ere, film hauetan emakumezkoei rol ez aktiboa atxikitzen zaiela azaltzen du Williamsek. Haren ustez, gizonaren posizioa gailendu egiten zaio emakumearen “subjektibotasunari”.

Bigarren artikuluak, berriz,  Media Antena Euskal Herria bulegoko zuzendari Ainhoa Gonzalezi eginiko elkarrizketa bat jasotzen du.  Hamarkada batez zuzendari ondoko lana egin ostean, zuzendari kargua estreinatu berri du.  Ikus-entzunezko industria bultzatzeko Europako Batasunak sorturiko programa da Media, eta Euskal Herriko bulegoaren buru dela, bere betebehar berriaren nondik norakoak azaltzen ditu Gonzalezek. Besteak beste, aipatzen ditu ordezkaritza egiten duen lana zein den, azken urteetan izan duen garapena eta honek eskaintzen dituen diru laguntzak nola eskuratu daitezkeen.