http://vimeo.com/35637442
Gaur bertan, ordu gutxi batzuk barru, Jesus Egiguren politikari ohia izango da Bartzelonako Euskal Etxeak (Herrialde Katalanak) antolatzen duen Zinemaldia 13-n. Hain zuzen ere, aizarnarra Memorias de un conspirador dokumentalaren ondorengo solasaldian parte hartuko du.
Memorias de un conspirardor filma ez da izango Bartzelonan asteburuan aurkeztuko den euskal dokumental bakarra; izan ere, Zinemaldia 13 izeneko jaialdiaren barruan igande honetarako Emak Bakia baita lana programatu baitute. Berau igandean pantailaratuko dute, eta oraingo honetan ere, solasaldia izango da proiekzioaren ondoren. Kasu honetan Oskar Alegria zuzendaria izango da hizlaria.
Hala eta guztiz ere, dokumentalez gain besterik ere izango da Bartzelonan euskal zinemari emandako zikloan. Haurren gustukoa izango den Aita zonbia naiz bihar, ostiralean, pantailaratuko baitute. Honen ondoren ere solasaldia izango da, Beñat Beitia produktorea bertaratuko da film honetaz hitz egitera.
Hilabetearen iraupen bera izango du Zinemaldia 13-k, hau da, hilaren 28ra arte ikusi ahal izango dira ziklo honetako aleak. Hauen artean nabarmentzekoa da Gazta zati bat lana, izan ere, jaialdirako emanaldia Herrialde Katalanetan komertzialki banatuko baita, eta datorren hilaren 15eko emanaldia izango baita katalanezko bertsioaren estreinaldia.