Warm Bodies filma AEB-tan joan den ostiralean iritsi zen pantailetara, eta hasi da kritikarien iritziak jasotzen. Pelikula, oro har, ez hotz, ez bero jaso dute adituek. Baina, argazki zuzendariaren lana, hau da, Javier Agirresaroberen eginkizuna egoki baino gehiagotzat jo dute medioetan.

Warm Bodies filmaren estreinaldia Frantzian martxoaren 22rako iragarrita dago; Espainiakoa (kasu honetan Memorias de un zombie adolescente izenburupean), berriz, apirilaren 12rako. Hori dela eta, Euskal Herriko pantailetan ikusi ahal izateko aste batzuk itxaron beharko da. Hala ere, AEBtako prentsaren bidez dagoeneko iritsi dira, lanaren inguruko iritziak.

Istorio ezaguna izatea, Romeo eta Julietaren istorioa zonbien munduan errepikatua, eta Jon Malcovich aktorearen presentzia urria kritikatu egin diote lanari; baina, horietatik libratu da eibartarraren lana. Besteak beste, bere lanak  edertzen ditu “bortxakeria uneak era ederrean filmaturik daudelako“, The Global Dispatch-en Stephen Nevets-ek azaltzen duenaren arabera. Gutxitan aipatzen da argazki zuzendariaren lana, eta Latino Post-eko Fernando Salazarrek ere erreparatu dio gipuzkoarraren ekinari: “une apokaliptikorako urdin ilunak nahasten ditu, eta gerora horiek saturatzen ditu zonbien aldaketarekin bat egiteko”.

Agirresarobe eibartarra zinemagintzan Euskal Herrian bertan hasi zen, tartean Mortxo Armendariz zuzendari nafarraren hainbat lanetan parte hartu zuela. Gaur egun, berriz, ohikoa da bere izena AEBtako produkzioetako kredituetan ikustea; besteak beste, The Road, Twilight eta Vicky, Cristina Barcelona.