Ireki dute Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren Gazte Epaimahaian parte hartzeko izena emateko epea. Martxoaren 17ra arte mantenduko da, eta 18-30 urte bitarteko gazte guztiek izango dute izena emateko aukera. Interesatuak daudenak, zinemaldiaren webgunera jo eta bertan aurkituko dituzten oinarriak jarraitzea besterik ez dute egin behar.
Aurtengoan (apirilak 19-26) ere gazteak izango dira protagonista, eta haien esku egongo da film laburren ebaluaketa. “Zinema-kalitatea eta giza eskubideen inguruko sentsibilizaziorako duten gaitasuna” nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek aurten ere. Gazte epaimahai honen bozken bidez erabakiko da zein izango den Film Laburren Sail Ofizialeko irabazlea.
2003an eman zituen bere lehen pausuak Donostia Kulturak bultzatuta. Lehen ediziotik hona igaro diren hamaika urteetan, zinemaldi lehiatsua bilakatu da.