Zinea.eu gunearen asmoa ez da bakarrik euskal zinemaren inguruko informazioa ematea; gune honen arduradunen asmoan sortzaileen lana erakustea eta honen inguruko mugimendua sortzea ere badaude. Hori dela eta, Kartofen Produkzioak ekoiztetxe zenaren arduradunekin harremanetan jarri gara, interesgarria iruditu zitzaigun lan baten inguru galdetzeko. Cataluña, aspectos varios film labur dokumentala da, eta 2002 urtean sortu zuten hamar urte geroago jorratzen duen gaia puri-purian izango zela jakin gabe. Hori guztia dela eta, gure erakustaretoan tartetxo bat egin diogu.
Ikerr Kauso ekoiztetxearen arduradunetako bat zen, eta berak hartu zituen bere gain lan teknikoak. Honek dioenez, “Cataluña, aspectos varios ez zen film labur gisa sortu. Gure asmoa dokumental luzea egitea zen, eta hau aurrerapena besterik ez zen izan. Baina, lanaren eta finantziazioaren zurrunbiloan proiektua erabat galdu baino lehen orain Zinea.eu-n ikusgai jarritakoa osatu genuen”. Kartofen Produkzioak enpresa 2004 urtean itxi zituen ateak, “eta lan hau umezurtz gelditu zen, egia da guk geuk jar genezakeela Internet-en, baina ez dugu orain arte horretan pentsatu eta Zinea.eu-ren proposamena jasotzean ondo iruditu zitzaigun”.
Lanaren zuzendari Mikel Goñi Larreak gaineratu duenez, “xumetasun osoz diot, baina gure ekarpen txikia egin badiezaiokegu Zinea.eu-ri pozten naiz”. Izan ere, beraiek izan dira Zinea.eu-k ireki nahi duen bide berriaren aitzindariak; hain zuzen ere, Cataluña, varios aspectos lanak inauguratuko baitu gure Youtube kanala, bertan izango direla, bai gure produkzio propioak eta baita hainbat egilek, horretarako baimena eman eta gero, egindakoak. Pertsonekin bezala, Zinea.eu-k produktuak biltzeko gogoa baitauka.