
Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako Zinemaldia 13-aren afixa
Otsailarekin batera iritsiko da Bartzelonara (Katalunia) euskal zinemaren garaia. Hiri horretako Euskal Etxeak antolatzen duen Zinemaldia 13-k hilabete osoa hartuko du, hilarekin hasi ez ezik amaitu ere berarekin batera egingo baita. Bien bitartean, azkeneko urtean estreinatu diren Euskal Herriko fikzio filmak zein lan dokumentalak ikusi ahal izango dira.
Azkeneko hamabi hilabeteetan sona handia izan duten hainbat film ikusi ahal izango dira Bartzelonako euskal txokoan; izan ere, bertan izango baitira emanaldi gehienak. Dokumentalei dagokienez, Memorias de un conspirador, eta Barrura begiratzeko leihoak lanekin batera, Gazta zati bat ere emango dute. Azkeneko hau izango da Euskal Etxean bertan egiten ez diren emanaldi bakarretakoa, izan ere, pantailaratze hori izango baita lanaren aurrestreinaldi komertziala. ZINEA.EU-k jakin ahal izan duenez, 100 gora aretotan emango dute Jon Maiaren lana.
Fikzioaren alorrean berriz, 2012ko uzta izango da iksugai. Besteak beste, Euskal Herrian primerako harrera izan zuen Baypass, Baztan epoka filma eta Dragoi ehiztaria iritsiko dira Euskal Etxera. Asier Hormaza aktorearekin egindako solasaldiak osatuko du hiru horietako azkenaren emanaldia.
Edozein herrialdetako zinemagintzaren harrobia eta esperimentaziorako tartea diren film laburrak ere eramango dituzte Kataluniaraino Zinemaldia 13-ren arduradunek. Hain zuzen ere, Euskal Etxearen ondoan dagoen Born pasealekuan Kimuak sortaren emanaldi publikoa egingo baitute. Jaialdiaren programa, festa batek eta bertako euskaltegiko ikasleek egindako bideoen lehiaketak osatuko dute.