Atzo bukatu zen Dock of the Bay jaialdia Donostian (Gipuzkoa), eta azkeneko emanaldiekin batera sarien banaketa ere egin zuten. Musika dokumentalen jaialdiko lehiaketaren lehen saria irabazitako lana Searching for Sugar Man izan zen, Rodriguez kantautore amerikarraren istorioari begiratzen dio lanak. Bere jaioterrian Rodriguezen lana ez zuen batere arrakastarik izan; Hegoafrikan, ordea

Sail ofizialean parte hartu duten hamasei lanen artean garaile gisa Searching for Sugar Man dokumentala aukeratu dute, kontatzen duen istorioaren zirraragatik eta baita kontatuta dagoen moduagatik ere. Rodriguez joan den mendeko 70ko hamarkadako kantautore amerikarra izan zen. Bere herrialdean ez zuen arrakasta handirik lortu, baina Hegoafrikan jarraitzaile ugari izan zituen, batez ere, apartheid politikaren aurkari zurien artean. Abeslariak honen guztiaren berri oso berandu izan zuen eta 1998tik aurrera herrialde horrekiko harremana hasi zuen. Dokumentalaren izena, egile honen lanik ezagunaren izenburu bera da: Searching for Sugar Man.

Musika dokumentalen jaialdia, ordea, ez dute ikus-entzunezko lanek bakarrik osatu. Dock of the Bay-ren arduradunek bi kontzertu eta festa bat ere programatu dituzte. Capsula eta Parade taldeen kontzertuak larunbatean egin zituzten; festa, berriz, ostiralean.