Berria egunkariak jaso duenez, Argentinako Clarin argitalpenak Zuloak filma iazko 12 onenen artea sartu du. Hain zuzen ere, Fermin Muguruza musikari eta errealizadore irundarraren lana abenduan iritsi zen herrialde horretako areto komertzialetara. Zerrenda horretan azaltzen diren beste filmen artean daude atzo Urrezko Globo saria jaso zuen Argo, Frankenweenie eta Batman super heroiaren azkena.
Zuloak Muguruzaren eta Eider Rodirguez idazlearen gidoia duen fikziozko-dokumentala da. Bertan kontatzen den istorioa, emakumeek soilik osaturiko balizko taldearena da. Dokumentala, ordea, benetako historia batean oinarririk ez zuela argitu zuen zuzendariak estreinaldiaren unean. Hala eta guztiz ere, proposamen interesgarria izan zen, eta hausnarketarako gaiak jarri zituen mahaigainean: hala-nola, generoaren ingurukoa, edo musikaren eta artearen benetakotasuna.
Filmaren egileek emandako sinopsia:
Bilboko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasle batek, Arrate Rodriguezek, bere fakultateko bi neskak elektro-rock banda bat sortu nahi dutela jakingo du, eta laster hainbat proposamen estetiko, ekintza eta propagandako jarduera iradokiko dizkie. Ondorioz, taldeko ezinbesteko pieza bilakatuko da, kamera beti eskuan duela, proiektua gauzatzeko egiten dituzten mugimendu guztiak jasotzeko prest. Arratek taldeko beste kide bat nola aukeratuko duten kontatuko digu, baita hainbat gairi buruz kideen artean dituzten eztabaidak ere, eta zer ikuspegi eman nahi duten gai horiei buruz beren abestietan. Eztabaida horien artean sexua, munduko egungo egoera, globalizaturiko tribuak eta estiloak, abesteko hizkuntza bat aukeratzea, gorroto duten gizarte bateko zutabe nagusiak (familia esaterako), eta gizartea kontrolatzeko sistemak eta tankerako beste gai batzuk aurkituko ditugu.