300Zine-pelikulak sortu zirenean fenomenoa aztertzen zutenek ez zuten uste dirua egiteko balio zuenik, eta kultura aldetik ere ia baliogabekotzat zeukaten, besterik gabe, ondo pasatzeko zerbait zela uste zuten. Baina iritzi hori aldatu egin behar izan zuten, eta hori bakarrik ez, “7. artea” esapidea asmatu behar izan zuten zinea izendatzeko. Aldaketa jende sortzaile eta merkatari-jende askok zinea XX. mendeko artegintzan sartuz lortu dute, eta beraz, klasikoek egindako sailkapenean 7. artea da zinea orduz geroztik.

Antzeratsu gertatu da komikiarekin. Tebeoa delakoa herrikoia zen oso, gero “pulp” serieak etorri ziren, eta geroago komikiak. Bide luzea egin du egun 9. artea denak. Komikiak bere-bereak dituen esateko moduak ditu, bere gramatika eta bere sintaxia. Eta langoren ugari sortu du jada komikiak. Lan batzuk klasikoak dira, beste batzuk malditoak, eta beste batzuk gurtu egiten dituzte. 

Azken hauen artean kokatu behar da “300” komikia ere, Frank Miller-ena. Biolentziazko errito bihozgabea deskribatzen du lan honek. Eta errito horrekin Termopilas atakako borroka ospatzen da, Espartako 300 gerlarik, Leonidas erregea buru zutelarik, izan zutena Jerges pertsiarraren alimaleko gudarostearen kontra. Ejertzito honek Atenas eta Esparta errepublika greziarrak hartu nahi zituen menpean, eta horregatik izan zen borrokaldia. 300 gerlari ausart, super-heroi, “borroka ala hil” esamoldea azken muturreraino eramateko prest zeudenak, zertarako eta, edertasuna eta giza perfekzio moral eta etikoa goi-baloretzat zituen zibilizazioaren alde egiteko.
Komikiko etika eta estetika hartzen ditu pelikulak. Biolentziaren ederra, estetika hori darabil Snyder-ek. Badirudi biolentzia horrek ez duela minik eragiten, galdutako gorputz-atalengatik eta zauriengatik ez dagoela sufrikariorik, eta odola, berriz, “action painting” izeneko pintura-estiloan bezalatsu dabil dariola. Erasorako eta defentsarako gerlarien mugimenduek baleta dirudite, kamara geldoan grabatutakoak. Ekintza girotzeko kolore sinbolikoak darabiltza, espresionismotik hartutako makillatzeko moduak gorputz-espresioak indartzeko, bularreko muskuluak nabarmentzeko. Bizepsak, brontze-itxurako hanketako muskulu bikiak, greziar estatuetatik ateratakoak dirudite.
Musika ere sinbolismoz betea da, baina badu epikotasunetik ere, epopeiatik, “herri” oso bat hunkitu nahiko balu bezala. Benetako ikuskizuna begirako, eta belarrirako, baina deja vu arrastoa uzten duena gehienetan, “El señor de los anillos” haren antza hartzen baitu askotan. Hunkitu egin nahi du ikus-entzulea Snyder-ek, eta horretarako  antzerkitik, operatik eta pinturatik hartutako osagaiak darabiltza. Biolentziari buruzko zinezko liturgia laikoa da, dudarik gabe.

Estetikan asmatuko zuen, baina etikan ezezkoan nago. Horko baloreak eta ideologia faxismotik gertu, zer gertu eta zerdemontre, faxismo dira. Nazismoak aldarrikatu zuen “ario arrazaren garbitasuna” ez dabil urruti. Zorrotzegia naizela esango du norbaitek, estetikoki pelikula akasgabea dela, eta horri begiratu behar zaiola, ziriaren zotzari zipotza sartu gabe. Ez ba! Gaur egun ezer ez dago aseptikoa izateko asmoz egina. Filmak super gizaki indartsua aldarrikatzen du, eta ezaugarri horrek, eta arraza aldetik garbia izateak ematen diola garaipen morala ere. “Ez perfektuak”, akasdunak, ez du gizartean tokirik, eta baztertu etasuntsitu egin behar da. Zeren akats fisikoak dituena, azken batean, moralaren aldetik ere bigarren mailakoa dela ezkutatzen ari da, eta horrek galbidean jartzen du herria. Hitler-ek eta Bush-ek ez lukete hobeto adieraziko.

 

Juan Miguel Gutierrezek Habe aldizkarian 2007ko apirilaren 19an argitaratutako kritika, eta Habe erakundearen Ikaslbil.net webgunean jasoa.