Zine-areto ohikoetan ez zen dokumentalik ikusten aspaldian, baina bi urtetik hona berpiztu egin da genero hau. Egia esan, zinea hasi zenetik gaur arte dokumental bikainak egin dira. Urteetan telebistara begira egin dira dokumentalak, baina zine-ekoizleak konturatu dira, zinemaren arauak zorrotz hartuta ere, pantaila handirako ere erakargarria dela dokumentala; eta jende askok ikusteko modukoa dela, ez lau katuk. Oraintxe zinemara joan, eta hiru saio aparta badira dokumental-erreportaje gisakoak.
Ser y tener Nicholas Philibert-ena. Gurean nola ospatzen da ‘eskola txikien’ eguna? Eskola horietan gela berean adin ezberdinetako neska-mutikoak biltzen dira. Dokumental hau Frantzian dago kokatua, eta irakasle batek ikasle guztiei irakasten die guztia, etaeskola-ordu horien jarraipena da dokumentala. Sarri ikasleek etxean kontatzen ez dutena kontatzen diote irakasleari. Maitasunez egina dago dokumentala, kamera inor ez mintzeko moduan jarria ikasgelan, eta horrela, ohitu egingo dira guztiak; badirudi kamerarik ere ez dagoela gelan, eta denen imintzioak eta keinuak jasoko ditu, freskotasunez. jolasean ari diren bitartean, edo ikasten ari direnean, edo barre egiten dutenean, edo negar, edo.
Giro hau jasotzen duenean, unerik txikiena garrantzizko dela erakusten duenean, orduan pelikulak bereganatzen du arreta. Baina ikasleak beren sekretutxoak, ezinegonak eta, irakasleari nola esaten dizkioten azaltzen duenean, deseroso sentitzen da ikuslea, manipulazio zentzua hartzen dio pelikulari. Badirudi behartuta doazela ikasleak konfesatzera, berariaz baino pelikularen zuzendariak eraginda, eta irakasle ‘lasaiak’ oso erraz lortzen duela umeak hurbil daitezen, halakoxea baita neska-mutikoek diotenmiresmena. Uste dut irakaslea jatorra dela, biziki maite dituela umeak, zintzo eta samur hartzen dituela, baina iruditzen zait pelikula egiteko erak gaina hartu diola irakasleari.
Beste oztopo bat dokumental honena. Ulertezina da zergatik pelikularen banatzaileek ez duten azpi-titulurik jarri nahi izan, ezta inork bikoizketarik egitea ere. Horren ordez bi hizkuntza entzuten dira batera, frantsesa baxu-baxu, eta gaztelaniazko itzulpena gainetik. Beraz, ezin dugu protagonisten ahotsik entzun, gaiak eskatzen duen gertutasun hori urrutiegi geratzen zaio ikusleari; jasanezina da hori.
Bigarren lana hispaniar-kubatarra da: Balseros, Carles Bosch-ena eta Joseph Maria Domènech-ena. Protagonistak 1994 urtean kokatzen dituzte; garai hartan USAra joateko grina beroegi bat zeukaten kubatarrek. Hasieran telebistarako pentsatua zegoen. Azkenean 30 minutuko erreportaje bat egitea deliberatu zuten, 7 protagonistari buruzkoa. Bakoitzak bere arrazoiak dauzka, bere bizimodua ihes egitera daramana, eta ontzi hala-moduzko bat hartuko dute guztiek amestu duten lurrera iristeko.
Usteak ez ote dira erdi-ustel? – iradokitzen dute Carles Bosch-ek eta Joseph Maria Dommènec-ek. Presarik gabe, bost urte pasa eta 7 kubatar horiengana joango dira USAra zer moduz dabiltzan galdetzera. Pelikula ondo egina dago, benetakoa ematen du, bizitzari buruz ari da, eta 7 kubatarren bizitasunak ere mesede egiten dio filmari. Oso sinisgarria ematen du filmak, adibidez, kubatarrek ondoan falta dituzten lagun eta senitartekoen irudi grabatuak ikusten ari direnean telebista-monitore batean. Balseros dokumental indartsua da, telebistak ezartzen dituen muga estuak gaindi daitezkeela erakusten duena.
Osama, Siddik Barmak-ena, ez da erreportajea. Baina kontatzen duenak, eta kontatzeko moduak , asko du dokumentaletik: antzezle ez-profesionalak, kamara ikusezina ia, teknika eta estetika apaingarririk gabea. Fikzioa den arren, benetako bizimodua azaltzen du Osamak, Taliban-ak Afganistanen agintzen zutenean nola bizi ziren emakumeak. Sendi bereko hiru emakume dira: amona, ama, iloba. Amaren senarra sobietarren aurkako borrokan hila. Alarguntsamediku da erietxe batean, baina integrista islamiarrak boterera heltzean lana galduko du, emakumea delako. Aurrera egin nahiko du etxez etxe, ezkutuan, lan eginez. Ez da hain erraza, ordea: emakumeak, etxetik aterako badira, gizonezko batek lagundurik egin behar dute, eta eurek ez dute gizonik. Beno, hasieran bai, gaixoen familiako gizasemeek beteko dute rol hori, baina azkenean, iraun ahal izateko, iloba mozorrotu egin beharko dute, mutiko itxura eman. Ordutik aurrera 13 urteko neskatxaren kalbarioa erakutsiko du filmak.
Film jatorra da, goibela, amorru ezkutua duena barrenean. Bainagertakariak azaltze hutsa salaketa bihurtzen da. Ez da ikusteko gozoa. Burura datorkit gure ongizatetik abiatuta askotan esaten duguna: ‘Ni ez noa zinera tristura ikustera, ondo pasatzera baizik, deskonektatzera’. Emakume askok ez dute inolako babesik, Afganistango hauek kasu, eta hau bezalako pelikulak dira entzuten uzten diguten euren garrasi bakarra. Min emango lidake gukentzungor egitea.
Juan Miguel Gutierrezek Habe aldizkarian 2004ko urtarrilaren 21ean argitaratutako kritika, eta Habe erakundearen Ikaslbil.net webgunean jasoa.