vera drakeZineak gizartean gertatzen dena islatzeko ahalmena dauka, eta gizartea aldatzeko indarra. Hori bederen sinesten dute zine-zuzendari britainiarrek, argi dago hori, azkenaldian egiten ari diren pelikulei erreparatzen badiegu behintzat. Fikzioa egiten dute, baina dokumentalaren begiratua dute pelikulok, eta oso maila handia arte-lan gisara, eta sakon aztertzen dute Margaret Tacher-en osteko Britainia Handia. Zinea egiteko modu berezi honek ez du antzekorik Europa osoan.

Kean Loach, Peter Cattaneo, Stephen Daldry, Peter Mullan, Stephen Frears eta beste hainbat zuzendarik langile eta etorkin ingelesen etsipena zehatz-mehatz aztertzen dute, bi eratako etsipena, gizarteak eragin diena batetik, eta bestetik protagonistok gizaki gisara nozitzen dutena. Zuzendariok guztiok samurkiro deskribatzen dituzte aipatutako langile eta etorkinak, baita Mike Leigh-ek ere. Azterketa zorrotza eta argia egiten du, baina maitasunez erretratatzen ditu bizimodu hits horiek, ekonomiak, politikarien laguntzaz eta langileen interesak babesten ez dituzten sindikatuen bidez, trikimailuak erabiliz hondatutako bizitzak.Todo o nada, Verdades y mentiras, Naked ikusi besterik ez dago.

Edo Vera Drake. Vera emakumea zintzoa da, berezkoa du zintzotasuna, eta munduko gauzarik normalena balitz bezala, emakume behartsuei laguntzen die abortatzen. Baina hori izugarrikeria bat da moral zale askorentzat, indar handia duten moral zale askorentzat. Ez die behartsuei abortatzen uzten, baina moral horrek barkatu egiten die gauza bera egitea aberatsei, eta barkamen hori zuritzeko hitz-jario lotsagarri eta hipokrita darabiltza.

Gizarteak zigortzen duen zeregin horretan aritzeak ez dio erasaten Veraren moralari. Bere mailako emakumeei lagundu nahi die Verak, hori besterik ez, nahi ez dituzten umeak ez daitezela mundura etorri. Baina sistema beste era batera dago antolatua. Batetik nagusi den moral hori dago, eta bestetik, abortuak egiteko baimena duten medikuak, boterean dagoen gizarte-maila berekoak. Aberatsek aborta dezakete, baina behartsuek abortatzea, musu-truk  eta mediku ofizialei ezer ordaindu gabe, hori delitua da.

Horrenbestez atxilotu egingo dute Vera, eta epaitu, nahiz eta berak eta bere familiak uste duten ez duela ezer txarrik egiten. Vera txikia da gorputzez, lotsa sentiaraziko diote, errudun-sentimendua sartuko barreneraino. Eta egoera horrek gaina hartuko dio. Baina martir bat da, berak egiten zuena ez zelako delitu izango gerora.

Veraren, bere familiaren, eta bere garaiko gizartearen erretratu hau bene-benetakoa da, kitzikagarria egia dioelako eta lazgarria salaketaden aldetik. Azken urteotako pelikularik ederrenetakoa da, besteak beste, Verarena egiten duen Imelda Staunton antzezlearen lan itzelari esker.

 Juan Miguel Gutierrezek Habe aldizkarian 2005ko martxoareb 7ean argitaratutako kritika, eta Habe erakundearen Ikaslbil.net webgunean jasoa.