Arkaitz Basterra zuzendari zornotzarraren Diario del Cafe Louvre dokumentala izango da bere jaioterrian egiten den Eusko Label izeneko zinema emanaldi sortan lehena. Gaur, 20:00etan, egingo den proiekzioari esker lehen aldiz ikusi ahal izango da lan hau Euskal Herrian. Hiru film erakutsiko dituzten beste bi emanaldi ere izango dira datozen asteetan.
Basterraren Diario del Cafe Louvre ez da gaur estreinatuko, lehenagotik Pragan (Txekia) erakutsi duelako; izan ere, hiri horretan errodaturiko filma baita. Franz Kafka, Max Brod eta Albert Einstein bezalako pertsonaia ezagunen topalekua izan zen ostatuaren istorioa kontatzen du egile bizkaitarrak. Bere hirugarren lan luzea da, iraganean Agian eta Life and Film lanak sinatu dituelako.
Dokumental historiko honekin Zornotzan egiten den Eusko Label emanaldi sorta irekiko du Basterrak, eta beste hiru pelikula ikusi ahal izango dira datozen bi asteetan. Datorren astearteko hitzorduan, urtarrilak 15, Lara Izagirreren Next Stop Greenland eta Jon Ander Beristainen Hugh over Todra emango dituzte. Hilaren 22an, Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak itxiko du bilduma.