Gaur hasi, eta igandera arte iraungo du aurtengo Dock of the Bay jaialdiak. Donostian egiten den musika dokumentalen festibalak berrikuntza nabarmena dakar aurten; izan ere, erakusketa jaialdi hutsa izatetik, lehiaketa ere barneratzera igaro baita.

Dock of the Bay jaialdia seigarren aldira iritsi da, eta urtarrilaren 7tik 13rako tartean gauzatuko da. Emanaldi ofizialak 16 izango diren arren, ikus-entzunezkoen genero honetako askoz ale gehiago pantailaratuko dira datozen egunetan. Erakustaldi eta Lehiaketa sailetako aleez gain, Donostiako hainbat kultur etxetan zein FNAC merkataritza establezimenduan ikusi ahal izango baitira film ugari. Horien artean daude, Fermin Muguruza egile irundarrak sorturiko Next Music Station sortako sei aleak, hauek guztiak euskarazko azpitituluak izango dituztela.

Aurten estreinatuko den Lehiaketa sailean hamaika filmek hartuko dute parte, eta, bestek beste, Australiatik, Erresuma Batutik zein Espainiatik ekarritako lanek egingo dute saria eskuratzeko saiakera. Horietan lehena The Russian Winter dokumentala izango da, gaur 19:00etan; bi ordu geroago Searching for Sugar Man izenburu duen istorioaren txanda izango da; biak ala biak, saileko ale guztien moduan Trueba zinemaren pantailan ikusi ahal izango dira.

Erakustaldiko lanak ikusteko, berriz, larunbatera arte itxaron beharko da. Sailaren sei emanaldiak asteburuan egingo dituzte Donostiako Antzoki Zaharrean. Hauen artean nabarmentzekoa da jaialdia itxiko duen Crossfire Hurricane. The Rolling Stones lana.

Musika dokumentalen jaialdia, ordea, ez dute ikus-entzunezko lanek bakarrik osatzen. Ohi moduan, Dock of the Bay-ren arduradunek bi kontzertu eta festa bat ere programatu dituzte. Hain zuzen ere, Capsula eta Parade taldeen kontzertuak larunbatean izango dira; festa, berriz, Le Bukowski tabernan egingo dute ostiralean.