Euskal zinemaren hiriburua Hazparne (Lapurdi) izango da gaurtik larunbatera arte. Izan ere, gaur gauean hasiko baita lehen Zinegin jaialdia. Antolatzaileek atondu duten egitarauan bederatzi lan luze eta Kimuak bildumako bi emanaldi barneratu dituzte.
Egunotan Hazparnen ikusi ahal izango diren filmen artean Xora, zubereraz egindako lehen filma, edo Jon Maiaren Gazta zati bat dokumentala daude, azken bi urteotako ekoizpenaren hainbat lan aipagarrirekin batera. Besteak beste, Asier Altunaren Bertsolari, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren Gartxot eta Imanol Rayoren Bi anai ikus-entzunezkoak aukeratu dituzte Zinegin festibalaren lehen edizioan parte hartzeko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, festibal “hunen xedea, Euskal Herriko eta euskarazko filma eta dokumentalen aurkeztea da”. Irauteko gogoarekin jaio den arren, datozen egunetan arrakasta izatea beharrezkoa izango da jarraipena bermatzeko.