Estreinaldia: Otsailak 2

Green Book

Asteko harribitxia dugu hau, seguru asko, datozen asteetan banatuko diren Oscar sarietarako faborito nagusietako bat. 60ko hamarkadan kokatuko gaitu, Tony Lip protagonista (Viggo Mortensen) Don Shirley pianojole beltzaren txofer lanetarako kontratatuko dutenean.

Estatu mailako ospe eta errekonozimendua baditu ere, komunitate oso baten gorroto eta arrazismoari aurre egin behar dio artistak egunero. Hala, ‘liburu berdea’ delakoa oinarri hartu beharko du Lipek ustez seguruak diren etxe, denda, eta oro har, babeslekuak topatu ahal izateko. Halabeharrez, haien arteko desberdintasunak atzean utzi beharko dituzte biziraupenerako bidean.

Bajo el mismo techo

Jakina da, askotan, ezkontza loturak maitasunak irauten duena baina harago doazela. Dibortzio paperak sinatzeak ez duela zertan banaketa irudikatu behar. Honen adibide dira Juana Macias zinegile espainiarraren azken filmaren protagonistak.

Maitasuna apurtu eta ezkontza-agiriari uko egin eta gero, elkarbizitza akordioari eustea besterik ez du izango etxebizitza saldu ezin duen bikoteak. Jada gehiegitan xehatutako krisi ekonomikoa eta maitasun harremanen zailtasunak izango ditu hizpide espainiar zinemagintzaren aurpegi ezagunenak bilduko dituen komedia generoko proposamen honek: Silvia Abril, Jordi Sánchez, Álvaro Cervantes, Sergio Torrico, Cristina Castaño, Malena Alterio, Daniel Guzmán.

Dragon Ball Super: Broly

Botere Lehiaketa handiaren ostean, badirudi berriro ere bake garaia heldu zaiola Lur planetari. Lasaitasun egoera horretan, beste unibertso batzuetan oraindik ezagutzen ez dituzten izaki ikaragarri indartsuak daudela jakingo du Gokuk, eta entrenamenduei ekingo die berriro, horiek guztiak garaitzeko asmoz.

Zale amorratuenen eskariei men egin die azkenean Zineuskadik, eta Zinema Euskaraz ekimenari esker euskaraz gozatu ahalko dugu Dragoi Bolaren itzuleraz. Gozen lagunok, amets betean… txiki zein heldu, ezinbesteko hitzordua duzu zinema aretoetan!

Chacun pour tous

Federazioaren diru-laguntza ez galdu, eta horrela Sidneyko joko paralinpikoetan parte hartzeko aukera mantentzeko asmoz, jokalari paralinpiko faltsuz osatutako saskibaloi taldea sortuko du entrenatzaile batek bere nazioa ordezkatzeko. Hala, urritasun faltsu dun zazpi langabek eta benetako bi elbarrituz osatutako delegazioa bidaliko dute Australiara.

Bertan, gainditze eta ahalduntze errealitate ugarirekin egingo du topo iruzurgile taldeak, eta euren zinismo eta harrokeriak kolpez joko du benetako kirolarien pasio eta ahaleginarekin.

Mug

Herriko ardi beltza da Jacek protagonista. Eguneroko meza lege duen herrixka poloniar batek biztanlea da, baina errebelde janzkera darabil eta Metallicarenak dira bere belarriek onartzen dituzten doinu bakarrak.

Patuak eta ezbeharrak, hainbeste arbuiatzen duen jainkoaren borondatearekin nahastuko dute gaztearen etorkizuna. Bromarik ez jaungoikoarekin.